Sustatu logoa Teknologia albisteak

Ezagutu euskal fauna berria: ibisak

Sustatu
2026-09-25 13:27

Euskal kostaldeari buruz sartu genuen atzoko albistean, anekdota gehigarri gisa jarri genuen ibis baten agerpena Urolako itsasadarrean. Lehen arraroa izango zen, baina jada ez. Txori hauen inguruan osatu dugu informazioa gaurko artikuluan.

Gonzalo Torre ekologista zumaiarrak erreportatu du albistetxoa astean: Urolaren itsasadarrean ibis bat ikusi dutela.

Ez da Euskal Herrian ikusi den lehen ibisa; azken urte hauetan Urdaibain, Txingudin, Salburuan, Kanpezun, Lekeition, Zarautzen, Lacorzanan, Leioan, Urrunagan, Orion, Gorlizen, Iruraitz-Gaunan, Pitillasen, Aturriko itsasadarrean Lapurdin edo Lasarten ikusi izan dituzte ibis beltzaran arrunt hauek.

Hain urrutikoa ere ez da Plegadis falcinellus delakoa. Ibisak eta beraien moko luze eta beherantz okertuak lotzen ditugu agian Afrikarekin eta Egipto antzinakoarekin (non jainko-aurpegien irudietan eta momifikatuta aurki daitezkeen), baina zenbait espezie daude, eta marroi-beltzaran den txori hau Espainia hegoaldean ezaguna da. Morito esaten diote gazteleraz. Mediterraneo frantsesean ere ikusten da erraz samar (argazkia, hangoa, Dominique Armange cc-by-sa Wikimedia Commons). 

Orduan, ezaguna zen txorizaleen artean, baina ez ohikoa. Asier Sarasua ornitologoak dio: "Gure inguruan erabat ezohikoa zen duela gutxira arte (...) baina azkenaldian gero eta ohikoagoa da. Euskaldun askorentzat ezezaguna izan arren, hegazti kosmopolita, kolonizatzaile eta nahiko ugaria da beltzarana. Kontinente guztietan bizi da eta, jaitsiera historiko baten ostean, azken hamarkadetan hezegune artifizialetara egokitzen joan da (arroz-sailetara, adibidez) eta, oro har, ugaritzen ari da mundu guztian, eta bereziki Europa mendebaldean".

Hegaztia ikustea anekdotikoa ez dela erakusteko, beste datu bat eman digu Gonzalo Torrek: Bart arratsean 50 aleko taldea ikusi dutela, Oriotik Zarautz aldera.

Ez rara avis ez rara ibis: euskal fauna dira jada beltzaranak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu