Gure itsasoa ia 28 gradutara iritsi zen udan (eta orain ibisak bizi dira Urolan)
Gonzalo Torre ekologista zumaiarra ibili da EuskOOS zerbitzuko datuak errepasatzen egunotan, eta itsasoko uraren tenperatura neurtzen duten buietan 25 gradutik gorako neurketak aurkitu ditu.
EuskOOS zerbitzu eta webgune publiko bat da. Euskalmeten euskal kostaldeko ozeanografia operazionaleko sistema da. AZTI zentro zientifiko eta teknologikoaren aholkularitzarekin kudeatzen du Euskalmetek eta honako datuak bildu eta erakusten ditu, Bizkaiko itsasoan (Kantauri), Bizkaiko eta Gipuzkoako kostari dagozkionak:
- Kostaldeko itsasoaren egungo eta iraganeko egoeraren neurketa zehatzak.
- Itsasoaren etorkizuneko baldintzen iragarpenak (3 egun arte).
- Produktu ozeano-meteorologikoak (olatuak, haizea, itsas maila, tenperatura eta azaleko korronteak).
Tenperatura buien bidez neurtzen da, eta udan bildutako datuei begira egon da Gonzalo Torre. Uztaileko bigarren erdian Donostiako buian 27.91, 27.82 eta 27.73 gradu neurtu ziren.
Buia hauek beti ez dute emaitza zuzenik ematen, baina jarraikortasun bat igartzen bada, neurketa zuzenen seinale izan daiteke. Beste datu bat ere jaso du Torrek, abuztiaren 13an 26.5 gradu Mutrikuko buian. Torreren datuak Mastodoneko hari honetan.
Beste albisterik ere eman digu Gonzalo Torrek aste honetan: Urolaren itsasadarrean ibis bat ikusi dutela. Normala 2026an, epel epel egoten da orain Euskal Herrian udazkenean ere. Tira, ez da Euskal Herrian ikusi den lehen ibisa; azken urte hauetan Urdaibain, Txingudin, Salburuan, Kanpezun, Lekeition, Zarautzen, Lacorzanan, Leioan, Urrunagan, Orion, Gorlizen, Iruraitz-Gaunan edo Lasarten ikusi izan dituzte ibis beltzaran arrunt hauek.
Tenperaturaren kontura itzulita, goiko eta beheko irudia gaurko neurketa da, 21 gradu pasa Donostiako buian. EuskOOS kolore paletan hori gorri-gorri agertzen da mapan. Akaso kolore paleta moderatzeko garaia da...

Erantzunak kargatzen...