Sustatu logoa Teknologia albisteak

Egin zure izozmendia ikusteko nola flotatzen duen

Sustatu
2026-09-28 12:33

Marraztu izeberg edo izozmendi bat pantailan eta ikusi nola flotatzen duen. Internet horretarako tontakerietarako asmatu zuten, eta hau (Iceberger) zoragarria da. Probatu hemen.

Probatzeko Euskal Herri moduko bat marrazten saiatu gara (barkatu, ez zaigu ondoegi irten), eta doi-doi flotatzen du. Saiatu zuek beste edozer egiten.

Izozmendien fgauza hau Joshua Tauberer garatzaileak sortu du. Ez da, nagusiki behintzat, jolas edo denborapasen sortzailea, datu bisualizazioan zentratutako informatikaria baizik. Ekimen publiko eta ireki gisa AEBetako informazio publikoa modu erabilgarrian paketatzen duen Govtrack.us/ webgunearen sortzailea da.

Bere oraingo lana LARSA deritzon enpresa batean da. Zubien eta beste egitura konplexu batzuen diseinua eta ingeniaritzarako softwarea egiten dute. Printzipio fisikoak bisualizazioan (eta gero eraikuntzan noski) kontuan hartzen duen lan bat, eta zubiei dagokienez, uretatik gertu. Uste dugu izozmendi marraztuek printzipio fisiko horien formulazio programatiko sinple bat erabiltzen dutela.

Baina gure zalantza da... eta tenperatura zer?

Berdin flotatuko luke izozmendi batek ozeano artiko edo antartikoan, edo gaur egungo Bizkaiko golko epel-epelean?

Probatu Iceberger: Joshdata.me/iceberger.html 

 

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu