Iazko urrian 'Arnasguneak hizkuntza gutxituetan' nazioarteko biltzarra antolatu zuten UEMAk eta beste zenbait eragilek. Orain, euskaraz eta ingelesez liburua argitaratu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak orduko ekarpen nagusiak bilduz.
Liburua Mikel Zalbideren lanetik abiatzen da. Zalbidek arnasguneen kontzeptua, ezaugarriak eta euskararen indarberritzean duten garrantzia azaltzen ditu. Liburuan jasotakoa Bat Soziolinguistika Aldizkariaren 110. zenbakian argitaratutako «Arnasguneak. Etorkizuneko erronkak» artikulutik hautatutako pasarteak dira. Arnasguneak hizkuntza gutxitua sozialki nagusi den eremuak dira, eta bertan hizkuntzaren erabilera eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa beste ingurune batzuetan baino modu naturalagoan garatzen dira.
Conchúr Ó Giollagáinek hizkuntza gutxituen komunitate bernakularren biziraupena aztertzen du, gizarte-dinamika eta bizindar etnolinguistikoa erdigunean jarriz. Étienne Lemyrek, berriz, Kanadako eta Quebeceko datuak baliatzen ditu frantses-hiztunen tokiko dentsitateak hizkuntzaren erabileran, transmisioan eta ezagutzan duen eragina azaltzeko.
Elin Haf Gruffydd Jonesek Galesko hiztun-dentsitate altuko, ertaineko eta baxuko komunitateen arteko loturak eta kodependentzia aztertzen ditu, hizkuntza-politikaren eta lurralde-antolaketaren ikuspegitik. Artikuluak Galesko eta Euskal Herriko egoerak elkarrizketan jartzen ditu, eta dentsitate desberdineko eremuen arteko harremanak kontuan hartzeko beharra azpimarratzen du.
Euskal Herriari buruzko bi ikerlanek osatzen dute bilduma. Asier Basurto Arrutik eta Iñaki Iurrebaso Biterik hiztunen bizileku-mugikortasunak eta dentsitate soziolinguistiko desberdineko lurraldeen arteko joan-etorriek euskararen erabileran dituzten ondorioak aztertu dituzte. Iñaki Iurrebasok, bestalde, euskalduntzeak lurraldearen ezaugarri soziolinguistikoen arabera duen inpaktua aztertzen du, eta euskararen indarberritzerako lurralde-estrategia baten beharra proposatzen du.
Informazio gehiago, UEMAren webgunean, eta liburua osorik hemen PDF eran lor daiteke.
Erantzun
Sartu