DiarioEuskadi.eus zer nolako hedabide-iruzurra den albiste honetan argitaratu genuenetik, datu gehiago agertu dira asmatutako kazetariak, AAz plagiatutako edukiak, eta haluzinaziozko irudiak dituen webgune horretaz.
Webguneak "etika kode" bat ere ba omen du, eta bertan informazio pixkat ere badator jabetzaz. Honako enpresa da, Katalunian kokatua
Trocalia Digital S.L.
B70751490
Carrer Paixalet, 6 6o-2a. 08030, Barcelona
suport@trocalia.net
Albert Bou Pinar omen da arduraduna (domeinuen jabea ere bada Bou delakoa) eta enpresaren jarduera nagusia publizitate agentzia izatea, bigarren mailako jarduerak ere agertzen direlarik errefistroan (diseinu, programazio eta aholkularitza informatikoa).
Trocalia bitartez ari dira zabaltzen "eskaintzak" hedabide faltsuan publizitatea argitaratzeko. Horietako bat jaso du Guka.eus Urola Kostako agerkari euskaldunak, bere arduradun Gorka Zabaletak "adarjotzearen gailurra" deitu duen jokaldia (ikus bere salaketa eta jasotako spam mezuak). Diario Euskadi plagiatzen ari da Gukan agertzen diren gauza guztiak (arraunketako albisteak eta bestelakoak), eta hala ere eskaintza jasotzen dute 97 euro pagatuta, argitaratu ahal izango dutela nahi dutena medio horretan.
Tokikom bateraguneko hedabideetako bat da Guka, eta bertan detektatu du Tokikomeko IKT arduradun Joxe Rojasek Diario Euskadiren plagioaren modus operandiaren froga. Hemen Zumaiako albiste bat Gukan, Braderie azoka delakoari buruzkoa. Hona, berriz, Diario Euskadiren plagioa: informazio berdina da, baina Berrizen kokatua? Durangaldean? Bai, kopia literalak egin beharrean (detektatzen errazak) testua AA bidez birziklatzen du Diario Euskadik, eta bug edo errore bitxi bat badauka behintzat: berriz (alegia, berriro) hitza agertzen bada benetako albistean, Diario Euskadik asmatzen du Berriz (udalerri izena) eta kokatzen du Durangaldean.
Beste adibide bat:
Diario Euskadi puntueus domeinua dauka, eta kendu ote dakiokeen aztertzeko, PuntuEus Fundazioak jakinarazi du kexa formala jaso behar lukeela rregistro-politikak errespetatzen dituen aztertzeko prozedura abiatzeko. Tokikom bateragunea hori aztertzen ari direla erantzun dio Puntueusen Mastodoneko txioari.
Erantzun
Sartu