Teknologia albisteak

Esku Pilota karta joko digitala

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 08:50

Joan den astean Pilotakada aurkeztu genizuen, eta oraingoa Esku Pilota. Azpiko gaia berdina, euskal pilota, baina mekanika desberdineko jokoa da hau: card game bat, karta joko bat, pilotariek gorpuzten dituzten kartetako ezaugarrien araberako lehian irabazi edo galtzen direlarik puntuak. Hau Windowsen joka daiteke eta Pilotakada bezala baita Android mugikor eta tabletetan, baina ez Google Play bidez, APK instalatuz baizik.

Askhorax Videogames izeneko garatzaileak (programatzaile bat da) egin du Esku Pilota. Pilotakada jokoan izen faltsu-antzekoak erabiltzen diren bezala (Peloki eta), honetan benetako pilotarien izen eta irudiak erabiltzen ditu Esku Pilotak: hauekin eratutako kromo edo karta faltsuak biltzeari ekin beharko diogu, ondoren, txandakako estrategia borroketan parte hartzeko. Kartetan jokalariaren adina, altuera eta pisua ageri dira balio gisa, eta beste hiru aldagai ere zenbaki batekin,: ukabil gorria indarrarekin, diana berdea zehaztasunarekin eta armarri urdina... beste balioren batekin. Faktore hauek nola erkatzen diren lehian, apur bat hobeto azaldura balego, hobeto beharbada.

Mugikorreko interfazean pittin bat gehiegizko funtzioak eta mezuak pilatzen direla iruditu zaigu guri. Jokoak baditu bere tutorial eta azalpenak, baina sinplizitate gehixeago eskertuko zen agian. Hala ere, zorionak ahaleginagatik, euskaraz joko bat garatzeagatik (gaztelerazko bertsioa ere badago integratuta).

Askhorax garatzailearen azalpen batzuk Game Erauntsian.

Esku Pilota deskargatzeko hemendik.

Pantaila irudi gehiago jarraian:

Erantzun

Sartu