Teknologia albisteak

Pilotakada, eskupilota partiduak jokatzeko aplikazioa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 08:16

Pilotakada mugikor eta tabletetarako jokoa da, Fifa eta NBA2K-ren bezalatsua aldeak alde, baina pilotan jokatzeko.  Lau hizkuntzatan dabil jokoa, tartean euskaraz. Androiderako bertsioa irten da, eta gustura probatu dugu.

Jokoaren legeak pilotako betiko legeak dira; bote bakarrarekin jo daiteke, sakea pasa eta falta marren artean sartu behar da... Partida bat jokatzeko "joystick" bat, "A" botoia eta "B" botoia daude. Joysticka jokalaria mugitzeko erabiltzen da eta kolpeak apuntatzeko, A botoia pilota jotzeko erabiltzen da eta B botoia bi paretak egiteko. Pilotari nola eman, sakeak eta abarrak, jokoan idatzitako tutorialean aurki datezke.

Jokalariek ezaugarri ezberdinak dituzte, horrela jokalari bakoitzaren portaera ezberdina da kantxan, batzuek indar gehiago dute, beste batzuek erresistentzia gehiago. Aukeratzen dituzun pilotarien izenak egiazkoei kopiatutakoak dira baina zehatz jarri beharrean pixka bat aldatuta: Golaizola (Olaizola), Saldai (Aldai) edo Peloki (Beloki) dira horietako batzuk.

Jokalariez gain, beste aldagai batzuk ere badaude. 4 frontoi ezberdin daude (ezkerpareta, pareta bikoitza, paretarik ez eta trinketea) eta 9 pilota (golf, tenis, squash, gomazkoa, eskuzkoa, beisbol, saskibaloia, futbola, ping-pong pilota).

Joko barruan bada diru mota bat, "Eusko" izena jarri diote. Diru honekin pilotariak, frontoiak eta pilotak erosi daitezke. Pilota bakoitzak abiadura eta bote ezberdinak ditu. Euskoak lortu ahal izateko partidak jokatu daitezke edo lorpenak egin.

Jokatzeko 2 modu nagusi daude, jokalari bat eta hainbat jokalarikoa, beta bertsioan oraingoz.

  • Jokalari bakarra: 
    • Lagunarteko partida: Pilotalekua, pilota, pilotariak eta zailtasuna aukeratuz AAren aurkako lagunarteko partida bat jokatu daiteke
    • Txapelketa: Pilotalekua, pilota eta zailtasuna aukeratuz, final-laurdenetatik hasi eta zuzeneko kanporaketa formatuan jokatzen da egiazko txapelketak bezala.
  • Hainbat jokalari (beta): Hau oraindik beta fasean dago
    • Partida azkarra: Linean ausazko aurkari baten aurka internet bidez jokatzeko. Nik probatu dut partida aurkitzen eta 10 segundu azpitik aurkitu dit partida (agian lehenengo eguneko gogoak)
    • Partida pribatua: Linean lagun baten aurka jokatzeko partida. Partida sortu edo batzeko modua dago kode bat erabiliz.
    • Sare lokala: Lagunarteko partidu bat jolastu lagun batekin sare lokalean. Sare lokalean sortutako partidak ikus daitezke listatuan eta bat sortu daiteke ere bai.

Pantaila irudiak

Erantzun

Sartu