Teknologia albisteak

ETSren Bartzelonako eta Madrilgo kontzertuak 300.000 eurorekin lagundu ditu Jaurlaritzak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2026-04-22 : 09:41

Eusko Jaurlaritzak onartu zuen En Tol Sarmiento (ETS) taldearen Bihotzen Konkista proiektua babesteko 300.000 euroko dirulaguntza zuzena, "Bartzelonan eta Madrilen egiten ari diren kontzertuen bidez euskara eta euskal kultura Euskaditik kanpo zabaltzeko", gobernu-akordioaren berri eman duen Jaurlaritzaren oharraren arabera.

Proiektua bideratzeko baino, egindakoa jada finantzeko laguntza dirudi, Bartzelonako kontzertua dagoeneko egin delako, eta Madrilgoa datorren larunbatean izango da, apirilaren 25ean, Movistar Arena aretoan. 

Eusko Jaurlaitzaren iritziz, "proiektuak milaka lagun bilduko ditu eta euskara ardatz duen esperientzia kultural integrala eskaintzen du", eta ekimen honen bidez Jaurlartzak "berresten du euskararen sustapenarekin eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioarekin duen konpromisoa."

Musika proiektu zehatz batera dirulaguntzak bideratzen diren aurrekari bat izan zen 2008. urtean. Urte hartan Kepa Junkerak egitasmo baterako 702.000 euroko laguntza jaso zuen "kulturen arteko harremanak eta euskal musika hedatzeko eta berritzeko" egitasmo batu lotuta, eta Jaurlaritzako Kultura eta Etxebizitza Sailen artean finantzatu zen laguntza hura. Beste musikari batzuen protesta eta manifestua eragin zuen laguntza hark, eta kantu baten sorrera ere bai: Zesatek taldearen 'Maite zaitut Miren Azkarate", orduko Kultura sailburuari opa izan ziotena Junkeraren kontu honengatik. Etxebizitza sailburua, berriz, Ezker Batuko Javier Madrazo zen orduan.

Kontestuan jartzeko, Mastodonen aipatu digutenez, 300.000 edo 700.000 euro ez dira hainbeste beste gastu publiko batzuekin alderatuta. Lagun baten kalkuluaren arabera, Abiadura Handiko Trenaren estimatutako gastua 9.000.000.000€ da. 49.800€ metroko. Hau da, ETSrentzakoa AHTaren 6 metro adina da.

Erantzun

Sartu