Teknologia albisteak

Nils eta Orianak milaka lanperna-musu hil dituzte, eta orain Pedro dator

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 16:23

2025-2026ko Europako neguko ekaitzen denboraldian, hainbestekoa izaten ari da kateaturiko ekaitzen jarraikortasuna eta indarra, non azken bi ekaitz izendatuen artean euskal kostaldean (eta Bizkaiko Golkoaren gehienean) milaka lanperna-musu hilda edo hiltzear azaldu diren.

Fenomenoa ez da guztiz ezustekoa. Itsasoan egoten dira garai honetan lanperna-musuak, baina ekaitz larriekin elikatzeko arazoak dituzte, eta ohikoa da halakoetan hondartzetara iristea txori ahulak edo hilak. Bizirik jasota ere, nekez izango dute aukerarik berriz hegaldatu eta aurrera egiteko. Lanperna-musuak Ipar Atlantikoko txori ikusgarriak dira, moko koloretsuak lanperna baten antza du, eta hortik euskal izena. Kostan ikusten ahal dira, baina arrantzaleek ezagutzen dituzte gehiago, ez baitute habiarik egiten ezta normalean lur hartzen Euskal Herrian.

Asteburuko agerpen masiboa, ordea, bada ez-ohikoa, ekaitz denboraldia delako bereziki latza aurtengo neguan. Urtarril hasieratik bederatzi ekaitz kateatu dira, Goretti izena zuenetik, Oriana asteburuan pasatu den arte. Eta hurrengo, bihar asteazkena eta etzi igar daitekeena gure inguruan, Pedro izango da. Ekaitzen kateatze hono borraska trena edo depresio meteorologikoen trena deitu diote meteorologoek, eta Iberiar penintsulako beste eskualde batzuetan, Portugalen edo Andaluzian kasu, bereziki gogor eta larri pairatu dute.

Nils, Oriana, Pedro... pertsonen ponte-izenak dira, gizonezkoenak eta emakumezkoenak tartekatuta, eta ordena alfabetikoan ezarriak denboraldi bat hastean (irailean hasita A letrarekin; oraingo denboraldia 2025-2026 izenekoa dugu).

EUMETNET Europako Metereologia Sareak ekaitzak izendatzeko sistema bat dauka. Estatuz estatu antolatutako eskualde geografikoak ditu sistemak definituta, eta Euskal Herria eta Bizkaiko Itsasoa geratzen dira Europako hego-mendebaldeko eskualdean, non izenak erabakitzen dituzte honako erakundeek: IPMA (Portugal), AEMet (Espainia), Météo-France (Frantzia) IRM/KMI (Belgika) eta MeteoLux (Luxenburgo).

2020an informatu genuen ekaitzen izen-sistemaz Sustatun, eta pronostikatu genuen nekez ikusiko genuela euskarazko izenik aukeraturikoen artean. Oker geunden: 2024-2025 denboraldiko lehena, AEMETek aukeratua, Aitor izan zen, 2024ko irailean astindu zuen Europa mendebaldea, Ingalaterra gehiago Euskal Herria baino.

Argazkia: Itzurun hondartzakoa, Gontxalo Torre, cc-by-sa, Guka.eus.

Erantzun

Sartu