Lehengoan aipatu genuen nola Elhuyarrek, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, gida bat sortu zuela hezkuntza-eremuan Adimen Artifiziala (AA) lantzeko. Orain, beste gida bat sortu dute, barne kontsumokoa, Elhuyarko langileei zuzendua, baina gure komunitatearentzat ere erabilgarria izan daitekeelakoan, publiko egin dute. Eskerrik asko Elhuyar.
Gidaren helburu nagusia da adimen artifizialeko tresnak erabiltzeko irizpideak ezartzea: noiz eta zertarako erabili, noiz ezin ditugun erabili, nola eta zertarako erabili ikusteko adibide batzuk, eta abar.
Irizpide nagusi horiek, Elhuyarrek adierazi duenez, hauek dira:
- Legez jokatu eta etika zaindu. Indarrean dagoen araudia errespetatuko da beti. Datu pertsonal eta konfidentzialak ez dira inoiz igoko babesik eta baimenik gabeko kanpo-sistemetara.
- Profesionalak gainbegiratu behar du lana eta berea da erantzukizuna. AAko tresnak laguntzaile moduan erabiliko ditugu, baina azken erabakia eta ardura beti izango da profesionalarena.
- Prozesurako erabili, ez azken emaitza moduan. Tresnek emandako erantzunak ekarpen gisa hartuko ditugu, inoiz ez azken emaitza gisa. Beraz, Elhuyarrek ez du adimen artifizialak sortutako ezer argitaratuko (ez bere kanal eta hedabideetan, ez bezeroei eta kolaboratzaileei emandako edukietan).
- Euskarazko emaitzen zuzentasuna eta egokitasuna zaindu. Adimen artifizialeko eredu askok euskararekin muga handiak dituzte oraindik. Elhuyarren beti gainbegiratuko ditugu testuak, hizkuntza-kalitatea bermatzeko eta eredugarri izateko bidean.
- Gardentasunez jokatu. Prozesuan adimen artifizialeko tresnaren bat erabiltzen denean, aitortu egingo dugu.
- Kontuan hartu esplikagarritasuna. AAko tresnak emaitza horretara nola iritsi diren jakin behar dugu ezinbestean, eta ematen diguten informazioaren jatorria eta iturriak ezagutu behar ditugu horretarako.
Gida hemen osorik, 21 orriko dokumentua da. Elhuyarrek dio oraingoa abiapuntua dela, eta teknologia aldatzen den heinean eguneratzen joango diren dokumentu bizia izango dela.
Artikuluko orudia, gidatik bertatik: "Egile-eskubideengatik arazo-iturri izan daitezkeen irudien adibide bat."
Erantzun
Sartu