Teknologia albisteak

Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2025-04-15 : 15:43

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.

Milaka domeini .es-en ondoan, 788 .cat, eta 63 .eus izan dira kaltetuak. Datu bilketa hemen jaso dute, eta ikusten da Internet hornitzaileek Cloudfare sistemaren IP-ak blokeatzen dituztela nagusiki, baina beste asko ere bai.

La Ligaren aginduz egiten da hau, euskaraz Egunean Behinek otsailaren erdialdean estreinakoz jakinarazi zuenez. Egunean Behin jokoak pairatutakoak ez zuen zerikusirik .eus domeinuekin, baizik eta bere irudiak ikuskatzeko orduan zerbitzari batzuk blokeatuta zeudelako. Bi hilabete beranduago, berdintsu gabiltza, Athletic, Real Sociedad eta Osasunaren interesak defendatzen dituen La Liga erakundeak eragozten du jendeak Internet erabiltzea, nonbait zerbitzu pirata batzuek nazioarteko azpiegiturak erabiltzen dituztelako (eta azpiegitura horiek zehatz moztu beharrean, ba behera botatzen dituzte hornitzaileak osoki).

Noiz arte iraungo du honek? Ez dakigu, baina Puntueusek aholkatzen die .eus domeinuaren erabiltzaile euskaldunei edozein inzidentzia sumatuz gero, jartzeko haiekin harremanetan: info (a bildua) puntu.eus / 943 085 051

Erantzun

Sartu