Teknologia albisteak

Handiki espainol batek beste handiki espainol bati agindua eman, eta ondorioz Egunean Behinen argazkirik ez

Erabiltzailearen aurpegia
gaur : 12:10

Joan den asteburuan gertatu zen, Egunean Behineko erabiltzaile dexente kexuka, irudirik gabe agertzen zitzaiela partida. Ez jokatzeko orduan, ez emaitzetan, irudian erakusten dugun moduan: irudiak desagertuta. Beste erabiltzaile askok normal jokatu zen. Teknikoki, ordu batzuen buruan denek irudiak ikusteko moduan moldatu zuten sistemaCodeSyntax-eko (Egunean Behin egiten duen enpresa) teknikariek, baina errorea zerk eragin zuen guztiz antzeman gabe. Gero jakin genuen: Espainiako Futbol Liga eta Movistar edozer dekretatzeko gauza dira Interneteko Espainiako estatuaren mugetan, eta hortxe egon da gakoa.

Urratsez urrats azal dezagun:

Espainiako futbolaren ingurune jatorrean, ustel eta lotsagabeak aurkitzen dira klubetan, Federazioan (Rubiales kasua) eta baita LaLiga esaten dioten erakundean (Javier Tebas ultraeskuindarra buru dela). LaLiga delako enpresa honek kudeatzen du Espainiako gizonezkoen ligaren lehen maila, eta horko partiduen erretransmisioen negozioa.

Errentransmisioen bidez milioiak irabazten ditu LaLigak, klubek, eta klubetako jokalari milioitsuek. Baina ez omen da aski, eta kexu dira errentransmisio piratak ohikoak direla, Hego Euskal Herriko edozein futlbolzale nerabek dakien bezala.

Eta errentrasmisio horiek eteteko, LaLigak pentsatu du horietako sistema batzuek baimentzen dituen Cloudfare nazioarteko enpresari hegoak moztea dela bidea, sistema pirata askok Cloudfare erabiltzen dutelakoan.

Orduan, LaLigak banatu du agindu bat, auskalo ze autoritaterekin, Espainiako Internet zerbitzua eskaintzen duten enpresen artean, Cloudfareren IP edo Interneteko helbide batzuk blokeatzeko. Movistarrek kasu egin dio LaLigari (eta berarekin lotutako O2 eta Digi zerbitzuek ere bai), eta kito, Cloudfareren zerbitzarietatik datorren guztia, etenda Espainiako Estatuko mugetan. Inplikatutako enpresen izenak artikulu honetan aurkitu ditugu, eta baieztapena ere jaso dugu Twitterren erabiltzaile batzuen mezuetan.

Errentrasmisioetan horrek izandako eragina, ez dakigu zein izan den, baina Espainiako Estatuan gauza baterako edo besterako Cloudfare darabiltenak 160.000 webgune eta zerbitzu digital omen dira. Egunean Behin-ek, erabiltzen dituen irudien multzo bat ere enpresa horren zerbitzuetan egon dira. Eta horietara iritsi ezinda ibili dira Movistar, Digi edo 02 bidez Egunean Behin jokatzen saiatu direnak.

Hemendik aurrera zer? LaLigak dio, gaur zabaldu duen agirian, Cloudfareren kontrako bere aginduekin jarraituko duela. Handikien jarraitzaile handiki horiek (Movistar eta), beren bezeroen zerbitzu mordoa kaltetzen jarraituko duten, ez dakigu.

Egunean Behinek ahal duena egiten jarraituko du. Barkatu eragozpenak, eta eskerrik asko erabiltzaileei halako gorabeherak dituzuenean abisu emateagatik, eta aurrikusi ezineko okerren gainetik ere jokatzen jarraitzeagatik.

Erantzun

Sartu