Sustatun agertutako salaketa, LaLiga futbol erakunde espainiarraren eta Movistar/Telefonicaren arteko tratuek euskarazko zerbitzuak kaltetzen dituztela Interneten (kasu hartan Egunean Behin jokoan irudiak desagertzea zen kontua), hedatu egin da. Tokikom-eko euskarazko tokiko hedabideek eta Berria egunkariak ere sumatu dituzte beren erabiltzaileen ezintasunak konektatzeko, segun zein zerbitzutatik konektatzen diren. Berriak nabarmendu du bereziki Masmovil enpresa eta haren menpeko Euskaltelek jarri dituztela trabak asteburuan futbol partidu espainiarrak diren bitartean.
Duela bizpahiru astetik gertatzen ari da, futbol partiduak daudenean Espainiako Ligan eta telebistek ordaindutako zerbitzuetan ematen dituztenean, zenbait enpresek moztu egiten dute Cloudfare nazioarteko zerbitzuarekiko konexio oro Espainiako Estatuko mugetan. Futboleko eskubideak kudeatzen dituen LaLiga erakundearen aginduz da, eta nonbait baimen administratibo bat ezarria dago, haiek agintzen dutena bete egin behar dela. Streaming pirata egiten duten zerbitzu batzuek nonbait Cloudfareren zerbitzuak erabiltzen dituzte, eta LaLigak hori mozteko aurkitu duen modua da Cloudfareren IP multzo osoa mozteko agindu, eta ondorioz, milaka zerbitzu kaltetzen dira Espainiako Estatuan eta Hego Euskal Herrian, segun bat zein zerbitzurekin konektatzen den.
Berriak albistean dioenez, asteburuko etenek Masmovil eta Euskaltel bidez konektatzen direnak jo ditu; baina ez omen zen arazorik Orange eta Movistarrekin. Hala ere, erabiltzaile batzuek esan dute Mastodonen Movistarreko azpiko 02 operadorearekin ere izan direla arazoak: "Berria VPN bidez bakarrik irakurri ahal izan dugu partida-orduetan."
Digi, Movistar eta 02-rekin, hiruekin izan direla arazoak aurreko asteburu batzuetan ikusi izan da Egunean Behineko erabiltzaileen artean.
Erantzun
Sartu