Teknologia albisteak

Strava: beste eskandalutxo bat, ibileren salerosketa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-11-06 : 09:14

Joan den astean aipatu genuen StravaLeaks eskandalua, batzuek aplikazio horren "segurtasun zulotzat" aurkeztu arren ez zela hori: erabilera okerra da. Zure korrikaldi eta ibilerak pribatuak izan behar badira, ez partekatu Stravan edo ez erabili Strava, Instagramen irudiz dokumentatuko ez zenuen bezala. Baina beste erabilera oker baten berri jakin dugu: emaitzen salmenta Stravarako. Hau da, zure profileko emaitzak hobeak izan daitezen, kirolari profesionalago edo arituago bati erosi bere markak.

Indonesiako Strava erabiltzaileetan aurkitu dituzte mezuak. "Wahyuk 10.000 rupiatan (0.58 €) saltzem dizu kilometroa, 4. abiaduran (kilometro bat lau minututan). 8. abiaduran (km bat 8 minutuan), 5.000 rupia". Beste tarifa baten berri irakurri dugu, kilometroa 0.33 lasterka, baina 4. abiadura horretan edo azkarrago bada, 1.16 euro.

Twitterreko beste iragarki honek, goiko irudiko testua dakar eta ez du tarifa zehatzik aipatzen (merkea dela, gehiago zehaztu barik), baina detaile batzuk ematen ditu: argazkiak eskain ditzakeela froga gisa (delako tokian egon dela, erloju adimentsua eta oinetako egokiak daramatzala...), eta aldez aurretik deposito bat kobratzen duela, eta gero ariketaren ondoren ordubeteren buruan espero duela kobratzea gainerakoa, egindako ahaleginaren arabera-

Nola egiten da? Eroslea bazara, gaineran eramaten den erloju adimentsua, telefonoa edo fitness gailua utz diezaiokezu saltzaileari; edo errazago, zure pasahitzak eskaini tarte baterako, hark hobetu ditzan zure emaitzak.

Zertarako? Sare sozialetan emaitzak partekatzean, norberaren egoa elikatzea. Zure korrikaldiak eta abarrak txukun hera daitezen hala nola Madrilgo erabiltzaile honek partekatutako pantailetan:

Duela bi hilabete jarri zen modan hau Indonesian... zabaldu ote da? ez dakigu, hona artikulua ingelesezko Kanadako agerkari berezitu batean.

Erantzun

Sartu