Le Monde egunkaria ikerketa erreportaia argitaratzen hasi da StravaLeaks izenarekin. Zera da koxka: zenbait agintarik erabiltzen dituzten segurtasun agenteek, bizkartzainek alegia, Strava ari dira erabiltzen, eta horrekin bere ibilien bide geokokatuak ari dira partekatzen. Macron, Biden eta Putinen kokapenak geratu omen dira agerian ondorioz. Strava da aplikazio ezagun bat kirolari eta ariketa fisikoaren zaletuen artean, norberaren lasterketak, txirrinda-txangoak, mendi igoerak eta abarrak erregistratzeko, bideak eta denborak markatuz ohikoan, publikoki hobetsitako ezarpenen arabera.
Adibidez, oinez edo lasterka Bilbo inguruan markatutako lasterraldiak erakusten ditu goiko mapak. Login egin gabe ikusten da hori, baina kontu bat sortzea aski da zoom egin eta auzo eta mendi bazter bakoitzeko erabiltzaileen ibiliak ikusteko gertutik.
Horrela aritu dira, Le Monderen arabera, Emmanuel Macron, Vladimir Putin eta Joe Biden babesten dituzten bizkartzainak. Besteren bat ere bai, baina izen horiek aipatzen dira oraingoz erreportaia sortaren lehen alea, nonbait Macroni dedikatua osorik (ordainpekoa da artikulua).
Le Monde berak dio artikulu osagarri batean, Strava "segurtasun zuloz betea" dagoela. Salaketa ahul samarra dirudi: birkartzainek Instagramen beren lan-jardunaren argazkiak partekatuko balituzte bezala da; nekez leporatu dakioke Instagrami erabilpen txoro hori. Ba berdin dabiltza Stravarekin, ezarpenetan ez baduzu pribatutasuna aktibatzen, edo, besterik gabe, lanean zabiltzala ere Stravatzen ari bazara, ba bizkartzainena izango da ardura, ezta?
Erantzun
Sartu