Teknologia albisteak

Meneame webgune espainola salgai dago (eta hilzorian seguruenik)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-08-12 : 08:50

Meneame izan zen sasoi batean Espainiako eztabaida eta informazio gune ireki edo ireki-samar potente bat. Baina gainbehera doa eta bere kudeatzaileek salmentan jarri dute. Urri amaiera arte aurkez daitezke eskaerak, 200.000 euroko kostu minimo bat duela kontsideratzen dute.

Jendearen bozekin eta iritziekin estekak eta albisteak bultzatzeko webgune bezala jaio zen Meneame 2005. urtean, AEBetan Digg zaharrak (gerora aldatua) ezarritako eredu baten gainean: jendeak proposatzen du esteka bat, eta iruzkin eta goranzko (edo beheranzko) botoekin, irits daiteke portadara eta horrela suposatzen da merezi duen informazioak hedapena lortzen duela, ez agenda mediatiko batek markatutakoa.

Euskarazko klon bat ere izan zuen Meneamek, Zabaldu.com, 2006tik 2012ra iraun zuena (amaiera data ez dakigu ondo). Zabaldu.net izeneko ekimen batek berpiztu nahi izan zuen 2023an, baina hori desagertua dago. Euskarazko komunitatea txiki edo eskas suertatu da halako sistema bati eusteko, boluntarioen lanean oinarrituta.

Orain Meneame dago larri. Gainbeheran, aspalditik; baina beren salmenta oharraren arabera, oraindik hilero 9.000 euro lortzen ditu publizitatean, eta 70.000 erabiltzaile bakar dituzte egunero.

Foro irekien edo albistegi bozkatuen sistemak zekarten promesa azkenean ez da bete. Analisi hori irakurri diogu aditu espainiar bati, Antonio Ortizi. Halako motiboak aipatzen ditu besteak beste Ortizek:

  • Komunitate auto-kudeatu asko funtsean gutxiengoak egozten dituzten bloke ideologiko bihurtzeko joera dute.
  • "Bozketekin guneak goratu" sistema hauetan goranzko botoa afinitateak eragiten du, aldekotasunak, eta ez kalitatearen balorazio objektiboak.
  • Informazioa zabaltzeko gogoaren gainetik, "nire iritziarekin" influentzia edo eragina izatea bihurtzen da komunitatean parte hartzeko motibo nagusia.

Azkenean, foro gehienak "oihartzun ganbara" ideologikoak bihurtzen direla...

Bitartean, ikusi nahi duenak ikus dezala meneame.net

 

Erantzun

Sartu