Teknologia albisteak

Pornografia ikusi ahal izateko app bat garatzen ari da Espainiako Gobernua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-07-03 : 09:29

Espainiako Gobernuak plan bat iragarri du adin txikikoek ez dezaten pornografia kontsumitu, eta gakoa izango omen da aplikazio bat uda igarotakoan estreinatuko dena. Kontua da adin txikikoei pornoan sarbidea kendu baino, app horrek egingo duena dela pornoa ikusi nahi duten adin nagusikoen sarbidea kontrolatu. Espero duten bezala funtzionatzen badu, zalantzazkoa iruditzen baitzaigu hori gertatuko denik.

Espainiako Eraldaketa Digitaleko ministroak, José Luis Escrivák, adierazi duenez, Espainiako Gobernuak esijituko die pornoa ematen duten webguneei erabiltzaileen adina baieztatzeko sistema gisa app hau erabiltzea. Ameto egiten ez dietenei konexioa ukatuko zaie Espainiako estatuan, hala nola Torrent bilatzaileei egiten zaien moduan. Cartera Digital izena jarri diote sistemari (talka eginez, bide batez, Eusko Jaurlaritzaren NIK Patrika Digitala egitasmoarekin), eta espezifikazioak hemen argitaratu dira.

Sistemak osagarri nagusi hauek izango ditu.

1) Cartera Digital delakoa instalatu beharko du pornoa ikusi nahi duen orok, eta app horretan alta emateko beharko dira DNI elektronikoarekin, Cl@ve sistemarekin edo beste izenpetze elektroniko batekin (BakQ EAEkoa agian?) baieztatu identitatea eta adina. Gobernuak dio datu horien artean bakarrik adina gordeko dela, ez bestelako daturik.

2) Pornografia eskaintzen duten webguneek sistema balioztatzeko egokitzapen bat egin beharko dute, eta QR kode bat erakutsi beharko du, zeina aplikazioaren bidez eskaneatu beharko den.

3) Iraungitzea: Cartera Digital sistemako akreditazioak 30 egun iraungo ditu. Epea igarotakoan, berriz balidatu behar.

Bideo honetan azaldu du Espainiako Gobernuak funtzionamendua:

Sustaturen iritzia: honek ez du sekula funtzionatuko Gobernuak espero duen bezala.

Eraldaketa Digitaleko ministerioaren albistegian (PDFen biltegi penagarri bat) duzue albiste estupido hau.

Webgune bat ere badago: https://carteradigital.gob.es

Erantzun

Sartu