Aste honetako jokoaren babeslea Egunean Behin aplikazioan Nik Patrika Digitala app-a da. Nik Patrika Digitala Eusko Jaurlaritzak garatu duen aplikazioa da. EAEko administrazio publikoetako "txartel pertsonalizatuak" digitalki bateratzeko balio du batetik, baina zenbait zerbitzu publikotara sarbide pertsonal zuzena edukitzeko modua ere izan nahi du. Hainbat zerbitzu daude erabilgarri jada, eta gehiago etorriko dira datozen hilabeteetan.
Lehenengo eta behin, Nik Patrika erabiltzeko behar duzu egiaztatu EAEko administrazioen bezero zarela, edo haien zerbitzuen erabiltzen dituen herritar bat beste modu batean esanda. Horrek esan nahi du BakQ kode bat behar duzula Nik Patrika erabiltzeko.
Aparteko negoziatu bat da BakQ-arena, azkenean, pasahitz moduko bat da, telefono bidezko bigarren mailako autentifikazioekin baieztatzen dena. Aparteko kapitulua merezi du BakQ-arenak, eta idatziko dugu hori ere, baina esan dezagun oraingoz, KZgune eta Osakidetzaren zentroetan atera dezakezula zure BakQ, hemen ageri da toki zerrenda.
Orduan, zure BakQ ondo apuntatuta, NAN zenbakia ere, eta mugikorrarekin, ekin Nik Patrika instalatzera, hemen:
Instalatzen duzun bitartean, SMS bidezko baieztapen mezu batzuk ere jasoko dituzu gako batzuekin, adi.
Instalatuta daukazunean, bi funtzio nagusi beteko ditu Nik Patrikak zuretzat. Menuko beheko aukeretan, ezkerretik dauden bi lehenak.
Patrika dioen aukera da txartelena. Kasu honetan, goiko pantaila berean ikus dezakegu erabiltzaile honek bi txartel integratu dituela: EAEko Liburutegi Publikoen sarekoa, eta Osakidetzakoa. Txartel horien bertsio digitalak, eta beste batzuk, balekoak dira jada txartel fisikoen funtzioak betetzeko: botikak hartzeko farmazian, liburuak mailegatzeko liburutegian...
Ez dira bi aukera bakarrak, oraingoz eskuragarri dauden txartelak hemen.
Bigarren aukera, Zerbitzuak. Zer da hau? EAEko zenbait erakundeko publikotan erregistratuta bazaude, aplikazio honetatik sarbide zuzena izango duzu.
Goiko pantaila irudian, Nik Patrikarekin sarbidea izan dezakezun zerbitzuen zerrenda partziala (osatzen joango dena, hemen). Esate baterako, Lanbiden edo Hezigunean erregistratuta bazaude, web bidez konektatzen ibili gabe, Nik Patrikatik sar zaitezke zure kontura zuzenean hemendik. EAEko hezkuntza publikoko profesional askorentzat bereziki interesgarria izan daiteke Hezigune: lan poltsak, Ordezkagune zerbitzua, hor barruan daude.
Zerbitzu eta txartelak gehitzeko sistema, autentifikazio urrats erraz batzuekin egiten da. Hemen behean prozesu horretako irudiak:
Aplikazioaren beste aukeretan, dago QR aukera hori menuaren beheko partean, laster aktibatuko dena zerbitzu jakin batzuetara iristeko. Eta pantailako beste bi puntu hauetan (beheko irudian), notifikazio edo jakinarazpenak jasoko ditugu, orokorrak (albisteak), edo pertsonalizatuak, konektatuta dituzun txartel eta zerbitzuetatik.
Nik Patrika inauguratu zen duela urte eta erdi hain justu. Jada instalatu dute 240.000 lagunek, eta egunero 6.000 inguru ari dira konektatzen sasoi honetan.
Europa Iparraldeko zenbait zerbitzu izan dira inspirazio EJIErentzat (Eusko Jaurlaritzaren Informatika zerbitzuen enpresa publikoa) Nik Patrika garatzeko orduan. Estandar seguruak (enkriptazio lokala) eta software librea erabili dira, eta garapen teknikoa Teknei euskal enpresak egin du. Azpiko azpeigituran, Kubernetes eta Red Hat (EJIEren beste zerbitzu batzuen software libreko hornitzailea, duela gutxi informatu genuen bezala).
Nik Patrikak ez ditu ordezkatu edo integratu oraindik EAEko administrazioek herritarrekin dituzten konexio telematiko guztiak.
Osakidetzako txartela hor dago, baina Osakidetzak SMS bidez bidaltzen dizkizun abisuak, oraindik ez. Baina etorriko da, eta gainera, Patrika berean Osakidetzako txartel gehiago kargatzeko aukera (senide batzuentzat botikak eskuratzeko lagungarri izango dena).
Era berean, Metaposta integratuta dago, baina Nire Karpeta txokoa, non jakinarazpenak pilatzen dizkizu kasu batzuetan Jaurlaritzak (horretarako ere BakQ behar da), oraindik ez.
Etorriko diren beste batzuk izan daitezke, zorte pixkatekin, Europako Batasunean gara daitekeen wallet sistema europarrari atxikitako beste zerbitzu batzuk. Oraingoz, Eidas2 estandar europarrera egokituta dago Nik Patrika, eta horrek nazioartekotze hori erraztuko du.
****
Interesatu bazaizu hau, eskuratu zure BakQ, instalatu Nik Patrika Digitala eta probatu.
Erantzun
Sartu