Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak (EJIE) Red Hat aukeratu zuen bere garaian azpiegitura informatiko batzuen oinarri izateko, eta orain Red Hat-ek bere arrakastako kasuen artean erakusten du egindakoa, bereziki Itzuli euskarazko itzultzaile neuronalarekin egindakoa. Red Hat kode irekiko soluzioen hornitzaile nagusi bat da munduan, Linux eta software libreko beste sistema batzuk ezartzen lan egiten duena. AEBetan du egoitza, eta IBM-ren filial bezala funtzionatzen du, negozio ildo propioarekin.
Itzuli itzultzaile neuronalari berrikuntza aplikatuan egindako lana arrrakasta kasutzat erakusten du Red Hat-ek eta bere Innovation Awards propioetan aipatu du 2024 honetan.
Itzulik adimen artifiziala du oinarri, eta testuak euskaratik gaztelaniara eta alderantziz itzultzea errazten du, baita beste hizkuntza batzuetara itzultzea ere, hala nola frantsesera eta ingelesera. Itzuli egun batean 300.000 kontsulta izatera heldu da, eta adimen artifizialari esker, itzulpena, transkripzioa (ahotsetik testura, euskaraz eta gaztelaniaz) eta sintesia (testutik ahotsera, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) egiteko aukera ematen du.
Honako hauek ere saritu eta aipatu ditu Red Hat-ek Innovation Awards-etan, EJIE eta Itzuliz gain: Amazoniako Bankuaren proiektu teknologikoak, Zeelanda Berriko sare elektrikoaren operadore nazionala (Transpower New Zealand) eta aholkularitza teknologikoko zerbitzuen munduko liderra den Capgemini. Mundu osoko hirurehun enpresa inguruk parte hartu dute lehiaketan, Eusko Jaurlaritzaren Irekia albistegiaren arabera.
Hona Red Hat-en oharra eta bideoa Innovation Awards delakoen inguruan (non, goiko sustapeneko irudian bezala Xabier Arrieta agertzen den, EJIEko zuzendaria).
Erantzun
Sartu