Teknologia albisteak

15.000 domeinu, PuntuEus-en hamargarren urteurrenean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-04-15 : 12:29

Ekitaldia egin du gaur PuntuEus fundazioak .eus euskal domeinuen sorreraren 10. urteurrenean. Ia 15.000 domeinu daude .eus luzapenarekin gaur egunean, eta horien artean %70 euskaraz daudem non eta Euskal Herriko Interneten dauden webguneen %15ek hitz egiten du euskaraz (2023ko azterketa baten arabera).

Gaurko egunez hain justu lehen .eus bat aktibatu zen duela 10 urte, eta lehen domeinu aitzindariak (92 aitzindari, zeintzuen artean Sustatu.eus egon zen) 2014ko ekainaren 28an sareratuko ziren. Urte bereko abenduaren 3an aktibatuko ziren beste 1.292 .EUS. 

Gaur Bilbon egin den ekitaldian, Josu Waliño, Puntueuseko zuzendariak, domeinuaren etengabeko hazkundea aipatu du: ".EUSen ia 15.000 gara. .EUS ia 15.000 enpresa, erakunde, proiektu eta norbanakoren espresio digitala da. Ingurune digital ziberseguru eta euskaldun baten hautua egin dutenen domeinua gara; eta, urtez urte gero eta gehiago gara. Izan ere, eraldaketa digital bete-betean gaude, punta-puntako teknologia dugu eta komunitate- eta partaidetza-sentimendua dugu. Enpresa eta ekintzailetza-proiektu berri askoren lehen hautua gara".

Urteurrena ospatzeko, Puntueusek sustapen kanpaina jarri du abian, "Domeinuak 10 €-an, eta puntu (eus)". Kanpaina martxan dagoen bitartean, gaurtik hasita 2024ko abenduaren 31ra bitartean, 10 euroan erregistratu ahal izango dira .EUS domeinuak.

Erantzun

Sartu