Teknologia albisteak

Argi-oilarraz gehiago (ze jakin egin behar da hegazti honi buruz)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-12-01 : 08:17

Urteko natura argazki onenen bilduma bat ekarri genizuen lehengoan, eta argi-oilar bat ageri zen nabarmen sarituen artean. Argi-oilarraren argazki hura Arabiar Emirrerrietan zegoen egina, Pertsiar Golkoan, baina hegaztia ez da berez lurralde urrutietakoa: Afrika eta Eurasian zehar zabaldua dago, eta Euskal Herrian ere bizi da, bere gangor ederra ikusiko zenuten agian bazterretan. Eta txori eder honen inguruko jakingarri gehiago ekarriko dizkizuegu albiste honetan, jakitea merezi dute-eta.

 Upupa epops deritzo zientifikoki txori honi, latinez eta grekeraz zituen izenen konbinaketa. Txori honen doinua oso berezkoa da, u-pu-pu egin ohi du, eta Europako hizkuntzetan duen izenak onomatopeia horretatik datoz gehienak: abubilla (es), huppe (fr), hoopoe (en), puput (katalaneraz eta aragoieraz), bubela galizieraz... Euskaraz pupu forma jasoa dago, baina beste izen batzuen artean, oilarrarekin lotzen da gehienbat forma dialektaletan: kiribil-oilarra, martxoilarra, san martin oilarra eta, nolabait finkatu dena hiztegietarako, argi-oilarra. Ikus Txoriak.eus-en.

Gandorra du txoriak, eta hortik oilar aldaera horiek euskaraz. Bada mitologia grekoan historia bat, Tereo gerlari bortxatzailearena, Filomela bortxatu eta mihia moztu zion gizatxarrarena, jainkoek zigortuta argi-oilar bihurtu zutela dioena. Hain zuzen ere, gerlari grekoen kaskoko gandorra argi-oilarraren sinbolo izan zitekeela uste da, gerlari anker eta gaiztoen irudia eman nahi bat, Tereo-argioilar asoziazioagatik, etsaiei beldurra eragiteko modu bat. 

Tereo nola bilakatu zen argi-oilar, Filomela eta Prokneren ipuinean. Ana Moralesek kontatua bikain Xerezaderen Artxiboa podkastean.

Eta argazki lehiaketakoa berrikusteko, ikusi zein eder:

Erantzun

Sartu