Teknologia albisteak

Urmuga 2023, Euskal Herriko uren banalerroko jaialdia, gaur abiatzen da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-07-12 : 10:07

Urmuga jaialdia, musika eta ibilaldia proposatuz aurreko urteetan bezala, gaur uztailak 12 abiatzen da Arabako Angulo lepotik. Jemeretzi egunez zazpi herrialdeetako mendiak zeharkatuko dituen ibilbidearen ondotik, 30ean bukatuko da Hiru Erregeen Mahaian, 2.444 metrotan. Euskal Herriko uren banalerroa jarraituko du (gutxi gora-behera) Urmugak aurten ere, aurreko urteetan bezala.

Euskal Herri osoko eta atzerriko hainbat musikari erreferentek parte hartuko dute ekimenean, «estilo, belaunaldi eta kantaera» ezberdinekoak. Musika ekitaldietan parte jartiko duten artisten artean daude Aire Ahizpak, Alex Sardui, Arkaitz Miner, Baigorriko Gaiteroak, Baigorriko txaranga, Bingen Mendizabal, Bixente Martinez, Donostiako Orfeoia, Ibil Bedi, Eñaut Elorrieta, Gorka Hermosa, Koldobika Jauregi, Korrontzi
, Maider Zabalegi, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda Rukula edota Xutik taldea.

Egitaraua Urmugaren web atarian ikus daiteke.

2020. urtean estreinatu zen Urmuga, Sustatun jaso genuen bezala. Mendebaldetik ekialderako bidea jarraitzen du ibilbideak aurten ere, Euskal Herriko uren banalerroa jarraituz. Hego/ipar banaketa nahiko garbi batek marrazten du banalerroa: Kantauriko isurialdea eta Mediterraneoko isurialdea geratzen dira ipar eta hegoaldean. Horrek esan nahi du euskal ibaietako batzuk, eta haien arroetako urak, Atlantikoan itsasoratzen direla eta beste batzuk, berriz, Mediterraneoan.

Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa osorik geratzen dira Kantauriko isurialdean. Banalerrotik hegoaldera, Arabako eta Nafarroa Garaiko zatirik handienak, baina ez guztiak. Euskal Herriko uren banalerroa markatzen duten mendikate eta puntu orografiko nagusiak honako hauek dira: Gorobel mendilerroa, Gorbeia, Anboto, Elgeako mendilerroa, Aizkorri, Etzegarate, Aralar, Azpirozko mendatea, Uitzi mendatea, Belate, Saioa mendilerroa, Okoroko mendilerroa, Ibañeta eta Pirinioetako mendiak.

Erantzun

Sartu