Atzo berri eman genuen euskarazko Mastodon komunitateak Interneteko Argia Saria irabazi zuela, baina sarietako gainerako irabazleek ere aipua merezi dute jakina: Karpeta Urdinak dokumentala, Zugazart marrazki/iritzi-tira, (Min)bizi podkasta, Azterketak Euskaraz kanpaina, eta ohorezko sariduna, Oihana Goiriena (Pablo Gonzalez Polonian atxilo duten kazetariaren emaztea).
2023ko edizio hau sarien 34.a izan da. Hona saridunak;
Ikus-entzunezko Argia Saria: Karpeta Urdinak torturari buruzko dokumentala. Ander Iriarte eta Katti Pochelu zuzendariek jaso zutensaria.
Entzunezko Argia Saria (irratikoa izan dena hainbat urtetan): Min(bizi) podkasta (bideo bezala ere banatua), Iñurri elkarteak minbiziari buruz egiten duena, "Feminismotik eta elkartasunetik, deserosoak diren tabuei naturaltasunez heltzen dietelako eman diegu saria, besteak beste".
Prentsako Argia Saria: Zugazart iritzi-tira, Gara egunkarian eta Naiz.eus-en argitaratzen dena egunero, Unai Iturriagak marraztu eta idatzia.
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria, marketin edo publizitare sari gisa banatu izan dena beste urtre batzuetan, Azterketak Euskaraz kanpaina, Brebeta eta Baxoa euskaraz egiteko eskubidearen alde Ipar Euskal Herriko ikasle eta irakasle euskaldunek antolatua.
Merezimenduzko saria Oihana Goirienak jaso zuen bere senar Pablo Gonzalez kazetariaren kartzelaratze injustua salatzeko eta kazetaritza askea defendatzeko egiten ari den lanagatik, eta auzia lau haizetara zabaltzeagatik,
Eta azkenik, atzo aipatu bezala, Interneteko Argia Saria, Mastodon.eus eta Mastodon.Jalgi.eus zerbitzuek gorpuzten duten Mastodoneko komunitate euskaldunari.
Irudian, sari-jasotzaileak Usurbilgo Atxega Jauregian, atzo ekitaldia izan zen tokian.
Erantzun
Sartu