Teknologia albisteak

Urteko 10 aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuenak (Irulegiko Eskua barne, noski)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-12-12 : 11:43

2022 amaitzera doa eta ohikoa den bezala, "urteko zerrendak" egin, argitaratu eta errepasatzeko garaia da. Horietako bat egin aurkikuntza historikoen jarraipena egiten duen Heritage Daily agerkariak, "Urteko 10 aurkikuntza arkeologiko nagusien" zerrenda, eta horien artean jarri dute (ez gaitu asko harritu): Irulegiko Eskua.

Hamar elementuko zerrenda ordena honetan dago, ez dakigu garrantziarekin bat sailkatu duten, edo 10eko multzoaren agerpen soila den. Baina lehen postukoa, izatez, urteko entzutetsuenetako bat izan da:

  • San Casciano dei Bagnin, Toskanan, terma zahar batzuen lokatatzan, hainbat estatua etrusko.
  • Ernest Shackelton britainiarraren 1915eko espedizio antartikoko Endurance ontzia aurkitu dute, 9 km sakoneran, hotzagatik kontserbazio oso onean. 
  • Irulegiko Eskua. Zerrendan, bederen, hirugarren agertzen da. "Euskaraz idatzitako testu zaharrena" dela dio Heritage Dailyk, baina idazkun baskonikoa euskararekin zuzen identifikatzeko lana egiteko dago oraindik. Informazioa gehitzeagatik, eta aurkikuntzaren garrantzi linguistikoa kokatzeko, Asier Gabikagojeazkoa hizkuntzalariaren testu hau Alea agerkarian.
  • Egurrezko milaka objektu azteka, Mexiko hirian, Tenochtitlan hiria izan zeneko tenplu nagusiaren hondarren artean.
  • Willendorfeko Venusaren jatorria argitu da. Austrian aurkitu zuten venus hau Danubio ibaiaren ondoan 1908an, baina harriaren ezaugarr mikroskopikoak aztertuz, determinatu da materiala Garda laku ingurukoa da, Italiako alpeetakoa; eta duela 30.000 urteko datazioa ere zehaztu da.
  • Turkiako eskualde batean, neolitikoa baino lehenagoko aurkikuntzak identifikatzen ari dira urte batzuetatik hona, Göbekli Tepe izenarekin oro har identifikatzen ari diren kultura; horrekin lotutako Sayburç izeneko tokiko eskulturak aurten deskribatu dituzte.
  • Fayoum, Egipto. Ptolemaitarren garaiko aurkikuntza multzo aberatsa aurkitu da aurten.
  • Kanaaniten hizkuntzan idatzitako idazkun zaharrena; esaldi bat bolizko orrazi batean: Irulegikoa baino 1.600 urte zaharragoa, baina irakurgarria nonbait, zera eman dio esaldiak: "Hortz honek ken ditzala ile eta bizarreko bartz guztiak". Ilustraziorako, orrazi hau jarri dugu goian.
  • Northamptoneko lepokoa. Ingalaterran topatua, eta 7. mendean datatua, baina bere edukietako batzuk zaharragoak dira, txanpon erromatarrak eta material heterogeneoekin egindako pieza bat baita.
  • Tenplu budistak oihanean, Indiako Bandhavgarh erreserban.

 

Erantzun

Sartu