Google-k Stadia itxi egingo duela iragarri berri du. Googleren hodeiko joko-zerbitzua, martxan hasi zenetik hiru urte pasa direnean amaitzera doa, nahiz eta konpainiak azpian dagoen teknologia bizirik mantenduko dela adierazi duen.
Google Store-ren bidez egindako Stadia hardware-erosketa guztiak eta Stadia Store-ren bidez egindako joko eta eduki gehigarrien erosketa guztiak itzuliko dituela adierazi du Google-k. Jokalariek, berriz, jokoen liburutegirako sarbidea izaten jarraituko dute eta zerbitzua erabili ahal izango dute 2023ko urtarrilaren 18ra arte. Hardwarearen aldetik, kontsolarik gabeko sistema izan arren, norberaren ordenagailu edo telebistara lotzeko joko-mandoak eta konexio gailuak garatu izan dira Stadia markarekin, hala nola irudian jarri duguna.
Hodeiko jokoen munduan atzerapauso erabakigarria egin du Googlek, baina konpainiak Stadiaren atzean dagoen teknologiak iraungo duela ziurtatzen du. Azken hau ez da harritzekoa. Urte hasieran, garatzaileen ekitaldi batean, Immersive Stream for Games iragarri zuen Google Cloud for Enterprise-en barruan.
Zentzu honetan, Mountain View-koek Stadiaren kodea aprobetxatuko dute errealitate areagotuarekin lotutako teknologien eta lehendik dauden beste zerbitzu batzuen garapena sustatzeko, tartean Youtube eta Google Play.
Stadiaren itxierarekin, besteak beste, Sustatu ere lotsagarri geratu da, iragarri genuelako "kontsolek jai zutela Stadia gailentzen bazen". Aditu batzuen arabera, teknologiaren hutsa baino, Googleren konpromiso falta izan da gakoa porrot honetan. Proiektuak eta izenak merkatarutzaen ditu Googlek, Spaces, Circles, Hangouts... mila gauza izenez aldatzen direnak, edo funtzioz argi ez daudenak, eta edonola ere garapenean konpromisorik hartzen ez dutenak. Erabiltzaileek badakite honezkero: ez gehiegi fidatu Googleren proiektu horretaz, ze auskalo iraungo duen; eta Google ere bere joerez jakitun izanik, ba gehiegizko konpromisorik ez du eskaintzen, eta dena bilakatzen da zirkulu bat, profeziak auto-betetzaile bat.
Erantzun
Sartu