Teknologia albisteak

Figma erosi du Adobek, baina badago alternatibarik, inork behar badu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-09-16 : 09:51

Figma erosi du Adobek, atzo jakinarazi zenez, diseinu eta sorkuntza bisualerako dituen tresna sortan bat gehiago gehituz (Photoshop, Illustrator edo Premiere bezalako produktu sortara gehituz Figma). Web eta app garapenean Figmak azken urteotan erabilpen zabala lortu du munduan, eta orain seguruenik Adoberen lizentzien eredura igaroko da. Alternatibak egon badaude eta horietako bat, Penpot, software librea da eta laster euskaraz egongo da.

Adobek eta Figmak berak atzo jakinarazi zuten erosketa. Prezioa 20.000 milioi dolar izan daitezkeela esan izan da, ohar ofizialek zehazten ez dute arren. Nolanahi ere, inbertsio teknologikoen munduko erosketa handienetakoa dela nabarmendu dute, duela 10 urte Figman dirua sartu zuten lehen arrisku kapitaleko inbertsoreek biderkaketa ikaragarriak egin dituztela.

Figma online erabiltzen den diseinu-tresna bat da, webguneak edo aplikazioak diseinatu eta kodetzeko erabil daiteke, baina baita diseinu hutseko elementuak ere bai, hala nola logotipoak. Diseinu grafikotik haratago, erabiltzailearen interfazea eta esperientzia modelatzeko ere erabiltzen da, funtsezkoa garapen interaktiboen kasuan, hau da, Interneten erabiltzaile batek erabil dezakeen edozein elementutan, interakzioa baita web/mugikor munduaren gakoa.

Figma doan erabili daiteke, baina aukera mugatuekin. Bereziki, norberak landutako txantiloi edo orriak, norberak bakarrik editatu ditzake, elkarlana ezin: erakusten ahal diozu lanaren aurrerapena bezeroari edo beste batzuei, baina ezin beste disenatzaile bat edo garatzaile bat sartu elkarlanera, berak ere zuzenean ekarpenak egiteko. Aukera tekniko batzuk ere murriztuta ditu doako bertsioak. Guztiarekin, beldur pixkat bada erabiltzaileen artean doako aukerak are murritzagoak izan daitezkeela aurrerantzean, eta ordainpekoak, berriz, merketu beharrean Adobek ohikoak dituen maila garestietara igo daitezkeela.

Baina tira, Photoshop erabili beharrean Gimp alternatiba esistitzen den bezala, Figmaren bertsio libre bat egon badago: Penpot.

Hau da Penpot-en sarbidea, eta bere software biltegia (ekarpenak egiteko-eta) Github-en dago. Garapen aukera horien artean, euskaraz erabiltzekoa: itzulpenak osatuta daudela ematen du, baina oraindik ez da interfazean integratu euskarazko bertsio hori. Ea laster datorren.

Erantzun

Sartu