Teknologia albisteak

Lanbideren euskarazko eskaintzaz eztabaida Eusko Legebiltzarrean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-06-04 : 09:36

Aste honetako Eusko Legebiltzarreko eztabaidetako bat izan da, Berriak hemen kontatua. Eusko Legebiltzarrak atzera bota du Lanbideren prestakuntza eskaintza EAEko bi hizkuntza ofizialetan berdintasunez eskaera, Elkarrekin-Podemos eta EH Bilduk aurkeztutakoa. Aldiz, PSE-EE eta EAJren proposamen bat onartu zen, eskatzen diona Eusko Jaurlaritzari Enpleguaren Plan Estrategikoan hizkuntza berdintasunari buruz ezarritakoa garatzeko, euskara lanpostuan sartzeko tresna gisa sustatuz eta Lanbide bidez euskara ikastea Lanbide Heziketan txertatuz. Gogora dezagun zein zen urtarrilean Administrazioa Euskaraz taldeak egindako kontaketa, Lanbideko ikastaroen eskaintzan: 584 ikastaro gaztelaniaz, eta bat euskaraz (euskara ikastaroa, hain zuzen).

Urtarrileko eskaintzako 584-1 datu horrez gain, Legebiltzarreko eztabaidetan beste batzuk ere urten ziren (baina ez dakigu ze epetaz ari diren):

  • Langabetuentzako ikastaroetan, 2.496 izan zirela gaztelaniaz, eta zero euskaraz
  • Lanean diren herritarrei eskainitako 6.535 ikastarotatik, 11 izan zirela euskaraz.

Onartutako proposamenean (Jaurlaritzako alderdiena), Enpleguaren Plan Estrategikoan hizkuntza berdintasunari buruz ezarritakoa garatzeko eskatu zen. Oposizioko Rebeka Ubera (EH Bildu) legebiltzarkidearen arabera, plan horren orrietan (ikus hemen PDFa, 157 orri dira) "6 lerro" eskaintzen zaizkio euskarari. PDFan bilaketa bat eginda, 6 baino gehixeago badirela iruditu zaigu, 20-30 inguru.

EAJren izenean Aitor Urrutia legebiltzarkideak (software libreaz oso txarto informaturikoak) hartu zuen hitza, eta onartu zuen "Euskararen normalizaziorako bidean arlo zailenetako bat" dela lan mundua. Hala ere, bere iritziz, Lanbidek euskarazko ikastaroen eskaintza bermatzeko konpromisoa du, plan estrategikoan hala jasota dagoelako: "Nahikoa al da? Seguru asko ez da nahikoa izango, baina norabidea markatuta dago. Estrategiaren epe muga amaitzen denean ebaluatu beharko dugu". Enplegu Plan Estrategikoak 2021-2024 epea hartzen du.

Erantzun

Sartu