Teknologia albisteak

Korrika Digitala antolatu du Game Erauntsiak Minecraften

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-03-01 : 09:13

Minecraft-eko Game Erauntsiko euskal jokalarien komunitateak bat egin du Korrikaren aurretik ere: ikus 2017ko korrikaldi zoragarri hau. 2022ko Korrika 22 honetan esperientzia are osoagoa egin nahi dute, Minecraft zerbitzari euskalduna eraberrituta dagoen honetan. Korrika martxan hasi baino lehenago antolatu da Korrika Digitala, martxoaren 25erako, baina hori baino lehenago, mapa prestatu behar da, eta horretarako deia egin dute.

Martxoaren 4tik 18ra bitartean, mapa egitea da. Minecraft zerbitzaria zazpi hiriburuen kokapenak txukundu (batzuk badaude eginak, ikus Iruñea goiko irudian), eta haien arteko ibilbide bat lotu, 10 kilometro edo etapa osatzeko.

Discord zerbitzariaren bidez jarriko dira harremanetan jokalariak; modu horretara laguntza eskatzea eta lan egiteko antolatzea erraztuko dutelarik. Parte hartzeko, martxoaren 4an 18:00etatik aurrera Minecraft zerbitzari euskaldunera sartzea besterik ez duzu izango. Eraiki beharrean guk egindako lana jarraitu nahi izanez gero, Twitchen izango dira egun horretan zuzenean Game Erauntsiaren kanalean.

Korrikarako mundu birtuala eraikitzea aski entretenigarria izango da, baina martxoaren 25ean egingo dira "kilometroak" Korrika digitalean, 18.30etan hasita. Gainera mini-jokoak antolatu dira biderako (Build Battle, OITC eta TNTRun probak). Lasterka egiteko zein minijokoetan parte hartzea libre izango da, baina izena eman behar da, lekukoa eramateko pribilegioa edukitzeko. Izena eman ahal izango da martxoaren 23ko gauerdirarte eta biharamunean zozketa egin ondoren jakingo da lekukoaren hartzaileak nor diren.

Adi datekin, ze Korrika 22 martxoaren 31tik apirilaren 10era da; baina Korrika Digital hau lehenago da: prestakuntza martxoaren 4tik 18ra, lekukoa eramateko izen-ematea martxoaren 23a arte, eta Minecrafteko korrikaldi hori martxoaren 25ean, 18.30etan.

Informazio gehiago: Game Erauntsia.

 

Erantzun

Sartu