Teknologia albisteak

Euskarazko Wikipedia liburu-apaletan jarriko bagenu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-01-27 : 08:24

Eduki entziklopedikoaz gain, liburuak ere ekoizten dituela Euskarazko Wikipediak argitaratu genuen atzo: Elketa liburuaren inprimaketa, wikiliburuetan sukaldaritza lan mardul bat osatzearen ondorioa. Gaur beste kalkulu bitxi bat dakarkizuegu, Wikipediak berak egina: euskarazko wikipedia paper/liburu bihurtuz gero, zenbat okupatutako luke? Irudian duzue erantzuna.

251 liburuki mardul beteko lituzke Wikipediak egun dituen 386.000 artikuluekin. Apal handi bat osorik, eta bigarrena betetzeko bidean. Konparaziorako, irudian, mende hasierako Encyclopædia Britannicaren 29 liburukiak (orduko 3 gehigarriekin).

Euskaraz Lur Hiztegi Entziklopedikoa izan zen argitaratutako entziklopediarik mardulena, 10 liburuki zituen eta 3 gehigarri ere egin zitzaizkion. Maila hura nabarmen gainditu du Wikipediak baina horrek ez du esan nai Lur entziklopediakoa alferreko lana izan zenik: Jaurlaritzaren babesarekin, bere edukiak askatu egin ziren eta neurri handi batean integratu ziren jada Wikipedian. Entziklopedia haren material asko sarean daude halaber, eta libreki erabil daitezke, hementxe kontsulta daiteke.

Kalkulu hauetarako liburuki bakoitzeko 262.000 hitzeko marka erabili da (Lurreko liburukiek bataz beste zutena). Lur ilustratua zen, eta argazkiak ere baziren... Wikipedian ere bai, irudi integrazioa (eta bideo zein audioena) maketatuz gero, gehi taula eta infotaulak, eta ohar bibliografiko eta abarrak.... akaso Wikipediatik eduki gehiago ere paperetatu zitekeen.

Euskarazko Wikipediaren estatistika automatikoki eguneratuak hemen.

Erantzun

Sartu