Teknologia albisteak

Humanitate digitalen inguruko euskarazko ikerketa sustatzeko bi beka

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-10-10 : 10:19

Aurreko urteetan egin den deialdia errepikatuko da aurten ere: umanitate digitalen inguruko euskarazko ikerketa sustatzeko 5.000 euroko bi diru-poltsa, UEUren eskutik, eta Euskal Wikilarien Elkartearen laguntzarekin. Eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea urriaren 31era arte egongo da zabalik.

Humanitate digitalen inguruko euskarazko ikerketa sustatzeko eta euskarazko datu libreen sorkuntza, elkartrukea eta zabalpena bultzatzeko asmoz egiten da ikerketa-deia hau. 

  • Ikerketa-lanaren iraupena gehienez 8 hilabetekoa izango da, diru-poltsa esleitzen den egunetik hasita.
  • Ikerketa-lanak originala eta argitaratu gabea izan behar du. Ikerketaren helburua Wikimedia proiektu bat edo gehiago erabili eta indartzea izango da.
  • 5.000 euroko 2 diru-poltsa aurreikusten dira. Nahi izanez gero Errenteriako Torrekuako HDGunean lan egiteko aukera izango dute irabazleek, "Ikerlari egoiliar" bezala.
  • Ikerketaren emaitza gisa txosten bat eta gutxienez euskarazko artikulu zientifiko bat (Uztaro, Ekaia, Euskarazko Hedabideen Urtekaria, Kondaira...) sortu beharko dira.
  • Horrez gain, ezagutza librea sortu, elkartrukatu edota zabaltzeko asmoa duten datuak edota programak sor litezke, beti lizentzia libreekin zabaltzeko modukoak.

Ideia bat izateko, 2020ko deialdiaren irabazleak hauek izan ziren:

  • TxikiHezi: Unibertsitateko irakaslegaiak Lehen Hezkuntzako ikasleak matematika arloan (Txikipedia) Humanitate Digitalen bidez trebatzeko proposamen baten diseinua eta balidazioa.
  • Emartistak 2000-2020 proiektuak Wikimedian euskal artisten biografien genero disparekotasuna murrizteko pausoak ematea du helburu.

Azken proiektu honen inguruan (Emartistak), datorren urriaren 16an egingo den jardunaldian gehiago jakin ahal izango da. Honako ilustrazio gisa jardunaldi horretako kartela aprobetxatu dugu.

Deialdiari buruzko informazio gehiago, hemen.

 

Erantzun

Sartu