Lanarteak, euskararen langile profesionalen elkarteak, bigarren biltzarra egin zuen atzo Azpeitian. Duela aste batzuk aurkeztu genuen hemen Lanartea elkartea
Atzokoan, orain arte erakunde honek egin dituen urratsen errepaso bat egin zuten, eta konpromisoa hartu aurrera jarraitzeko.
Lanartearen orain arteko urratsak aletu zituen atzoko bilkuran Koldo Izagirre idazleak. Argitalpen kontratu eredu bat osatu du elkarteak idazleentzat, esaterako. “Bi argitaletxeri proposatu diegu oraingoz, eta biek ere baiezkoa eman dute. Lan hau hasi besterik ez da egin”. Eta Praktika Onen araubidea ixten ari dira irudigileak, gainerako diziplinetako profesionalentzako ere bidea irekiz. “Argitalpen kontratu eredu bat ondu dute irudigileek eta idazleek, elkarrekin. Eta literatura sarien eta beken eraberritzea abiatu dugu.(H)ilbeltza bekaren oinarrien aldaketetan eragin genituen, esaterako. Eta Lizardi sariaren berrikuntzan kolaboratu genuen”. Sektoreko profesionalek zailtasun handiak dituzte, Izagirreren esanetan, administrazioak eskatzen dizkien betebeharrak burutzeko. “Eta honi eransten zaio aholkularitza bulegoek ere nekez ulertzen dituztela bateko eta besteko administrazioek ezarritako arauak. Horren ondorioz, formakuntza eta aholkularitza zerbitzu espezialdu bat sustatzeko lanean ari gara”.
Aldi berean, iritzi bilketa handi bat egin du Lanarteak bertsolarien artean. “EIE, EIZIE, Galtzagorri eta Bertsozale elkarteekin hasitako harremanen ondorioz, fiskalitate arloko proposamen bat landu genuen”. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean aurkeztua du elkarteak proposamen hori.
Era berean, kultura mundura heldu berri diren egile eta artista gazteen inguruko ikus-entzunezko bat ere ari da lantzen Lanartea, beren kezkak eta arazoak jaso eta ezagurazteko. Webgunetik buletin bat eskaintzen ere hasiko direla jakinarazi zuten.
Erantzun
Sartu