Teknologia albisteak

Zuzenekoa Sustatu bidez: Ana Malagonen liburu berriaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-06-03 : 08:52

Sustatuk zuzeneko bideo emanalditxoak egingo ditu tarteka aurrerantzean. Aproba bat egin genuen duela hilabete batzuk, eta orain serioago edo, tarteka zerbait aurkeztu edo proposatuko dugu. Hurrengo zita datorren astelehenean izango da, ekainak 7, 19.00etan: Ana Malagon idazleak bere ipuin liburu berria aurkeztuko du, 'Ez dakit zertaz ari zaren'.

Ana Malagon (Donostia, 1978) Interneteko zerbitzuetako profesionala, hedabideetako iritzigilea eta idazlea da. Hiru ipuin liburu idatzi ditu: Lasai, ez da ezer gertatzen (2014, mikroipuinak nagusiki, 160 biltzen baitira); Gelditu zaitezte gurekin (2017) eta Ez dakit zertaz ari zaren (2021).

Ana Malagonekin bere editorea egongo da, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren. Sustatuko editoreak, Luistxo Fernandezek, intro txiki bat aurkeztu eta moderatzaile lana egingo du, aurkezpena kultura etxean balitz bezala eta bera kultura teknikaria.

https://labur.eus/sustatumalagon helbidean izango da zuzenekoa, Youtubeko Sustaturen kanal apenas erabilian. Itsasteko kodea du eta hortaz, hemen ere bai:

Sustatuko editorea jakitun da gazte-jendeak nahiago duela Twitch gauza hauetarako, baina bakoitzak bere maniak ditu, eta Youtubek eskaintzen ditu abantaila batzuk:

  • Hedatuago dago eta erraztasun handiagoak ematen ditu emanaldi jakin bat telebistara bidaltzeko.
  • Euskaraz dago, baita zuzenekoak kudeatzeko interfazea ere.

Datorren asteleheneko emanaldiari ez diogu ordu eperik jarri. Ikusiko dugu luzatzen den ala ez, ikusleen ekarpen posibleen arabera. Feedback edo galderak jaso ahal izango ditugu bai Youtube bidez, eta baita Twitteretik #SustatuMalagon traolaren bitartez.

Teknikoki, bi oinarri izango dituzte emanaldi honek eta aurrerantzean etorriko direnek, biak software libreko aplikazioak, eta biak euskaratuta daudenak:

  • Jitsi telekonferentzia azpiegitura, hizketan jardungo duten Mendiguren, Malagon eta Fernandez bakoitza bere etxe edo dena delakotik konektatzeko.
  • OBS, edizio edo errealizazio tresna gisa, emanaldia Youtubera bideratzeko.

Gogoratu hitzordua, astelehena, ekainak 7, 19.00etan, https://labur.eus/sustatumalagon 

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu