Teknologia albisteak

'Euskalteka' streaming aukera aurkeztu dute EITB eta Euskaltelek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-05-27 : 16:41

EITBk eta Euskaltelek akordioa egin dute euskarazko ikus-entzunezkoen multzo handi bat streaming zerbitzu gisa gehitzeko Euskaltelen telebista eskaintzan. Hainbat programatako 300 orduko pakete bat nahieran edo streaming-ean ikusi ahal izango dute Euskaltelen telebista eskaintzaren bezeroek. Euskalteka du izena zerbitzu berriak, Euskaltelen Replayteka funtzionalitatean integratuko da.

Zuntz bidezko Euskaltelen bezeroek Euskaltelen OTT (over-the-top) zerbitzua eduki dezakete, eta hor bada Replayteka izeneko funtzio bat: errepikapen eta kanal gehigarrietara iristeko zerbitzu bat (interfazearen irudia goian). Hortxe integratuko da Euskalteka deritzon katalogo hau. Hona Replaytekari buruzko informazioa Euskaltelen webgunean.

300 orduko katalogo batean gauzatuko da praktikan Euskalteka, jakinarazi dutenez. ETB1, ETB3 eta eitb.eus-eko euskarazko edukiak izango dira, horien artean azken hilabeteotan arraksta izan duten programak, adibidez Go!azen, Herri Txiki Infernu Handi, Barre Librea, Bidegurutzean edo Baserria reality lehiaketa. Fikzioaren aldetik honako telesailak ere egongo dira: Hondar Ahoak, Ihesaldia, Altsasu eta Alardea.

Euskaltel eta EITBko arduradunak bertan zirela egin da gaur Euskaltekaren aurkezpena Bilbon, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza eta Kultura Sailburua, Bingen Zupiria, bertan izan da baita ere. EITBtik bertatik jaso dugu albistea. Euskaltekaren aurkezpena ez da guztiz ustekabeakoa izan: duela 10 egun EITBko zuzendari berriak (Iñaki Aldekoa) iragarri zuen proiektu hau martxan zela Legebiltzarrean egindako agerpenean, baina arreta gehiago jaso zuen "euskal Netflix bat" sortzeko egitasmoak (eta hori ez da Euskalteka hau, noski).

Erantzun

Sartu