Teknologia albisteak

EITBko zuzendari Iñaki Aldekoak "euskal Netflix bat" iragarri du

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-05-20 : 09:42

Iñaki Aldekoa EITBko zuzendaria agerraldia egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. Oro har EITBren etorkizuneko erronkak azaldu zituen, baina deigarria izan zen 'euskal Netflix bat' iragarri zuela, ikus-entzunezkoen euskal plataforma bat. "Ez da euskara hutsezko plataforma bat izango, baina bere funtsezko misio nagusietan euskara egongo da", esan zuen Aldekoak.

EH Bildu taldeak eskatutako agerraldi bat izan zen atzokoa, eta hemen ikus daitezke legebiltzarkide eta gonbidatuen agerpenak.

Aldekoaren bideoa 20 minutu eskas da, euskaraz gehiena baina gaztelaniazko parteekin. Ikus hemen bere osotasunean.

Agerraldiaren azken partean zehaztu zuen Aldekoak Netlix propio honena. "Apostu estrategiko bat da herri plataforma bat abiaraztea, OTT (over-the-top) plataforma bat, euskal Netflix bat, denok ulertzeko, euskal gizartearentzat garatu nahi duguna, baina nazioarteko leiho ere izan dadin sortua".

Plataforma horretan "EiTBren ikus-entzunezko ekoizpena ikusiko da, baina baita Euskadin sortzen diren beste film, telesail, dokumental, ikuskizun eta edukiak" izango dira. Euskarak proiektuan pisu berezia izan behar duela ere esan zuen Aldekoak, eta "herri plataforma" ere deitu zion agerraldiko esaldi batean. "EITBk erronka horri eutsi behar dio, baina izipiritu ireki eta bateratzailearekin, ez dadila EITBren plataforma izan, baizik eta euskal plataforma izateko."

Legebiltzarkideen agerpenak ikusi nahi badituzu, hemen bideo bakoitzari estekak. Eduki hori Legebiltzarraren erdarazko interfazean aurkitu dugu, ez euskarazkoan, barkatu. Legebiltzarrak informazio asko ematen du webgunearen bitartez, baina antolakuntza horrorosoa dauka eta zaila da nabigatzea.

Irudian, agerraldiko une bat, eskumatan dagoena da Iñaki Aldekoa.

Erantzun

Sartu