NFT edo token digital ez suntsigarrien mundua memeekin nola ari den hedatzen aipatu genuen lehengoan, baina hona beste adibide bat konplexuago, harriagarriagoa eta, akaso, interesgarriagoa ere: Zed Run konpainiak antolatu dituen zaldi digitalen lasterketak.
Zed Run 2018an hasi zen negozio bat da. Zaldi digitalak sortu dituzte, eta haien arteko lasterketak antolatzen dituzte. Zaldi digitalek 3D itxura geometriko bat dute, eta gero erresistentzia, abiadura eta beste zenbait parametroen araberako ezaugarriak. Delako elementu digital horiek bakarrak dira, baina "bizitza artifizialeko" inguruneetan bezala, ezaugarri onenak dituzten bi zaldi nahastuz, "gene" nahasketatik elementu hobeak sor litezke...
Nolanahi ere, zaldi horietako bakoitza "jabetza" bat da, eta NFT teknologiaren bidez kudeatzen da elementu digitalaren jabetza-ziurtagiria. Kasu batzuetan, pertsona bakarrarena izan daiteke zaldia osoki, beste zaldi batzuk "banatuago" egon daitezke, memeari lotutako Disaster Girl argazkia hainbat erosleren artean banatuta dagoen bezala. Nolanahi ere, NFT jabetzak gehiago esan nahi du zaldi digitalen kasuan, argazkiaren kasuan baino. Disaster Girl delakoan dirua egiteko modu bakarra da, haren jabetza zati bat eduki, eta merkatuan balioa handitzen bazaio argazkiari, zati hori saldu edo bere balioa konputatu.
Zaldi digitalen kasuan, aldiz, hauek lasterketa birtualetan lehiatzen dira, eta hor irabazi ala ez, benetako sariak daude eta jabeek sarien parte bat irabaz dezakete. Hau da, benetako zaldiek lasterketa benetakoetan bezala, zaldi on batek bere ukuilu edo jabeari etekinak eman dakizkioke. Eta etekin horien dirua nondik dator? lasterketen negozio paralelotik, postura edo apostuetatik.
Hortaz, Zed Run-ek zaldi digitalak sortzen ditu, baina lasterketak antolatu ere bai, eta lasterketetan apostuak daudenez, horien etekinen parte bat sarietara doaz, eta sariak zaldi digitalen jabeen artean banatzen dira. Negozio ez-birtualarekin paralelismoak dituen joko bat da.
Bideo honetan ikusi dugu zaldi lasterketa bat. Adi:
Egia esan, zaldien itxua ez dago desberdintzerik, eta lasterketaren parametro mordo bat ausaz erabakitzen diren arren (pista eta ingurunearen ezaugarriak), ez da ebidentea zergatik zaldi batzuen posizioa aldatzen den une batean edo bestean.
Zed Run-ek honela deitzen die bere zaldiei: "Arnasa hartzen duten NFT-ak, bakoitza bere ADN bereizgarriarekin".
Erantzun
Sartu