Teknologia albisteak

Kornubieraz ezkontzea debekatu diote bikote bati Ingalaterran

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-03-07 : 09:06

Joan den egunean kontatu genuen hemen nola hilarri batean irlandesez idaztea debekatu zioten familia bati Ingalaterran. Erabakiari buelta ematea erabaki zuen familiak, baina beste kasu baten berri jakin da orain. Kornuallesko hizkuntza zeltikoan (kornubieraz) ezkontza zeremonia egitea debekatu diote bikote bati Ingalaterran.

Irlandesa, Eskoziako gaelikoa edo galesa bezala, kornubiera ere hizkuntza zeltikoa da, Kornualleskoa jatorriz (Ingalaterrako hego-mendebaldeko muturra). Desagertu egin zen 18. mendean, baina testu eta ezagupen zaharretatik berreskurapen saioetan ari dira, eta badira hiztunak gaur egunean: 300 edo 400 hiztun oso zeuden 2015eko errolda baten arabera, eta 5.000 inguru ikasten edo nolabaiteko ezagutzarekin.

Komunitate txiki horretako bi lagunek ezkontzea erabaki zuten, eta baimena eskatu dute kornubieraz egiteko. Ezkontza-fedea hizkuntza horretan eman, eta, suposatzen dugunez, delako funtzionario baten hitz batzuk ere ahal dela kornubieraz entzun.

Baina Kornuallesko eskualdeko Kontseilu edo agintaritza zibilak ezezkoa eman die Steph Norman eta Aaron Willoughby ezkontideei. 1949ko lege batek ez duela uzten: ingelesez izan behar du, eta salbuespena omen dago galesez egiteko (beste hizkuntza zeltiko bat, biziena Britainiar Uharteetan).

Itxura batean bikoteak zaila du protesta legal bat egiteko, BBCren albiste honen arabera, Erresuma Batuan kornubieraz ez duelako estatusik...

Erantzun

Sartu