Teknologia albisteak

Julio Cortazarrek euskaraz izandako isla, nazioarteko liburutegi baterako

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-02-19 : 16:45

Joan den otsailaren 12an bete zen Julio Cortazar idazle argentinarraren heriotzaren 37. urtemuga, eta hori dela eta, Deabruaren Eskolak ekimena jarri du martxan, lan bilketa bat: euskarara ekarritako Julio Cortazarren lanak edo euskal egileek Julio Cortazarren lanak inspiratuta idatzi eta argitaratutakoak biltzea. Juan March Fundazioak Cortzarraren nazioarteko edizioekin hiru mila aletik gorako liburutegia dauka, eta euskarazko aleak ere Fundazio horri eman eta Cortazar liburutegia osatzea da helburua.

Momentuz, March fundazioaren bildumak euskarazko lan hauek daude, Gerardo Markuletak itzuliak biak:

  • 1992an Ibaizabalek argitaratutako Oktaedroa.
  • 1994an Ereinek argitaratutako Hegoaldeko autobidea

Baina itzulpen zuzenetatik haratago, eragin handia da Cortazarrena, eta beste ale erlazionatu batzuk ere prest ditu Deabruaren eskolak. Momentuz, honako hauek dira Deaburaren Eskolaren eskuetan dauden lanak eta Eskolak March fundaziora bidaltzeko prest dituenak:

Cortazarren lanen bi itzulpen,

  • Jon Alonsoren Antologia apetatsua (Txalaparta, 2004)
  • Jon Muñozen Pertsegitzailea (Zaldiarri-10, 2019)

Cortazarrek inspiratutako eta hari omenez idatzitako narrazioak biltzen dituzten bi narrazio liburu,

  • Harkaitz Canoren Neguko zirkua (Susa, 2005) eta Mecanografiak (Txalaparta, 2018)

eta Cortazarri buruzko kapitulu bat daukan saiakera lan argigarria,

  • Mikel Lasaren eleberria Hego Amerikan (Etor, 1972).

Halako erlazioren bat edo beste duen beste alerik inork eskuan edo buruan? "Horretarako deabruareneskola.eus webgunearen sortzaileek dei egiten dizuegu ezaugarri horiek betetzen dituzten lanen egileei eta era horretarako lanak argitaratu dituzten editore eta argitaletxeei eskolarekin harremanetan jartzera, liburu zerrenda ahalik eta zabalena osatu ahal izateko."

Ekarpenetarako,  deabruareneskola (a bildua) gmail.com helbidera idati, edo Eskolarekin harremanetan jarri Twitterren (@deabruaren) edo webgunean.

Deabruaren Eskola abenduan jaio zen sarean, hemen Sustatun eman genuen albistea.

Erantzun

Sartu