Teknologia albisteak

1.600 milioi segundu pasa, Unix denboran

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-09-13 : 14:26

Ondo asmatzen badugu gura kalkuluetan, gaur irailak 13, albiste hau argitaratzen dugunean Sustatun, Unix denboraren 1.600 milioiak gaindituko dira, eta hortaz artikulu honen URL edo helbidean doi-doi egongo gara 1600000000 kopurua gaindituta.

Unix denboraren azken marka inportantea, mila eta bostehun milioiena, 2017ko uztailean gainditu genuen.

Eta zer da delako gauza hau? Unix denborak zenbatzen ditu 1970eko urtarrilaren 1etik igaro diren segunduak. Sistema informatiko askok, harrezkero, modua batean edo bestean denbora kontatzeko darabilten barne-erloju bat Unix denboran oinarritzen da. Sustatu 2001ean sortu zenean, artikuluak sortzean Unix-segunduan oinarritutako URL bat sortzen zen. Hona 1004348874 artikulua, 2001ekoa, geure zaharrena.

Gerora, azpiegituraz aldatu da Sustatu, baina URL sinpleak antolatzeko modua da oraindik ere.

Hurrengo Unix-gizaldi inportantea izango da 1.700.000.000 arora igarotzen garenean. 2023ko azaroan izango da hori, eta hemen dago atzerako kontagailua martxan. Igarota egongo ahal da pandemia ordurako!

Eguneraketa, irailak 16. Gure artikulu hau, doi-doi 1600000007 geratu da gordea artxiboetan (betiko(edo). Azpiegitura bertsua erabiltzen du Sustatu egin duen enpresak, CodeSyntax-ek, hainbat herri hedabiderentzat egindako Tokikom plataforman, eta haietan ere 1600.000.000etatik goiti ikusiko dira URLak aurrerantzean, ikus Unix zenbaki potolo horiek honako URL edo helbideetan, adibidez:

 

Erantzun

Sartu