eGarante Espainiako zerbitzu juridiko-teknologiko bat da eta, besteak beste, Interneteko eduki jakin batzuen baliagarritasuna ziurtatzeko balio du. Hau da, Interneteko orri jakin batean zera eta zera esaten duela gaur? ba bai, baina auskalo datorren astean aldatuko ote duten han zioena... Tira, ziurtagiri horiek profesionalki egiteko zerbitzua eskaintzen dute, baina horrekin batera, dohainik, web orri jakin baten "argazki zertifikatu" bat ateratzeko zerbitzua eskaintzen dizute.
Web jakin batean esandakoa ziurtatu nahi duzula? Ez dezatela gero borratu edo ukatu... Honela egin dezakezu:
Aprobat bat egin dugu, Sustatuk automatikoki biltzen duen Saretik albistegiaren URL-a (https://sustatu.eus/saretik/) eman genion zertifikatzeko zerbitzuaren joan den ostegun arratsaldean. Minutu gutxiren buruan jaso genuen erantzuna, PDF ziurtatuarekin. Hemen partekatzen dugu zuekin. Datu tekniko mordoa ikusiko duzue, orria geografikoki noren zerbitzarietan dagoen kokatua eta halakoak... eta orriaren irudi osoa, scroll eginda, itsatsita, bere testu eta argazkiekin.
PDF hori denbora-marka eta izenpe elektroniko batekin sinatuta dator. Hortaz, "edozeinek" sor dezakeen PDF batekin badu alderik bidaltzen dizutenak.
Zerbitzuak funtzionatzen du halaber Twitterreko txio bat gordetzeko. Ohikoa da Twitter plataforman gauzak esan, damutu eta borratzea; eta kasu batzuetan esandako horiek legalki arazotsuak ere izan daitezke. Pantaila-irudiekin gordetzen ditugu batzuetan halakoak, baina interes berezia baduzu norbaitek zerbait esan duela zertifikatzeko, txioaren URL-a pasatuta eGarantera, bidaltzen dizute ziurtagiria (hau ere baieztatu dugu).
Oharra: eGarantek bere webgunean dioenez, Espainiako Goardia Zibila dute euren bezeroen artean. Jakinaren gainean zaudete, hemen azaltzen dugun doako zerbitzua erabiltzekotan.
Erantzun
Sartu