Teknologia albisteak

Makinei erabaki moralak egiten laguntzeko tresna

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-12-21 : 08:53

Gidaritza automatikoko sistemek, droneek eta beste garapen robotiko batzuek istripuak saihesteko segurtasun sistemak dauzkate eta izango dituzte. Hala ere, istripuak gertatuko direla gauza jakina da, eta, bereziki, istripu mota bat, non sistema automatizatuak "aukeratu" egin beharko duten gaitz baten edo beste baten artean. Erabaki horiek programatzeko, garatzaileek gizakien laguntza eskatzen ari dira. Halako tresna bat da MIT institutuak sarean jarri duen Makina Morala.

Makina moralaren mekanikak, egiazki, erabaki inmoralak hartzera eramaten gaituela ematen du. Tresnak istripu posibleen sorta bat erakusten digu, eta horien artean erabaki behar du erabiltzaileak. Eta inmoral samarra da ze beti hil behar duzu norbait, aukera batekin zein bestearekin.

Adibidez, hemen behean irudi sinple bat. Bi irudien artean klikatu behar duzu aukera moral bat eginez.

 

Ezkerreko aukeran, kotxeak aurrera egiten du eta bi oinezkoak harrapatu eta hilko ditu. Eskuineko aukeran, autoa desbideratuko da eta barreraren kontra joaz, bi bidaiariak hilko ditu. Eskema sinplista da nahita: ez dago aukera balaztatzen saiatzeko, edo pentsatzeko barrerarekin joaz istripua arina izango dela... Ez: grafikoak burezurrak erakusten dizkizu eta horrek esan nahi du aukera batean bi hiltzen direla, eta bestean ere bi. Ez dago tartekorik edo salbaziorik: aukeratu egin behar duzu nor hil.

Hamahiru ariketako txanda bat aurkezten zaizu, eta adi egon, batzuetan semaforoak baitaude gorriz edo berdez. Pertsonen fisognomia ere kontuan hartzekoa da: haurrak, nagusiak, lapurrak (diru-poltsarekin ihesean)... eszena bat ez baduzu ulertzen, deskribapen testuala eska dezakezu: ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz badago.

Txandaren amaieran, inkesta bat bete dezakezu zure profila adierazteko, edo hori barik emaitzak aztertzera pasa zaitezke. Orduan, erakusten dizu ze joera duzun "erabaki ertainekin" alderatuz. Adibidez, honako irudi honek adierazten du testa egin duen Sustatuko editoreak joera handiagoa duela jendea salbatzeko, neurri ertaina baino (txakurrak salbatzeko joera ere badago erabiltaileen artean). Haurrak nagusien gainetik salbatzeko joera ere badu editoreak, baina hortxe, besteak bezala, jendearen fitness egoerari buruz.

Zer irakatsiko diegu makinei erabaki hauekin? Auskalo. Demokratikoki jendeak bozkatu ahala erabakiko ote da istripuetan nor hil?

Probatu nahi? bisitatu http://moralmachine.mit.edu

Erantzun

Sartu