Teknologia albisteak

Drone bidezko banaketa komertziala onartu dute Estatu Batuetan eta Australian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-04-28 : 09:21

Enpresa handiak aspaldi dabiltza probetan euren banaketa-zerbitzuetarako droneak erabiliz. Orain arte probak izan direna, dagoeneko egia bihurtuko dira epe laburrera. Googlek baimena lortu du Australian bere produktuak droneen bitartez banatzeko, eta Estatu Batuetan ere, ondo bidean, maiatzean emango dute lehenengo lizentzia drone bidezko banaketak egin ahal izateko.  

Amazon, Google eta gainontzeko enpresa teknologiko handien aspaldiko ametsa da droneak erabiltzea euren produktuen banaketa egin ahal izateko, gehienbat lurralde zabal eta isolatuenetan. Arazoak ez dira txikiak, ordea, dozenaka drone gure buruen gainean jira-bueltan ibiltzea arriskutsua izan baitaiteke herritarrentzat. Hala ere, aspaldi hasi ziren horrelako zerbitzuak probatzen (Sustatun 2015ean iragarri genuen lehenengoz, pentsa) eta gero eta urrats gehiago eman dira norabide horretan. Azkenengo urratsa, oraingoan sendoa, aste honetan jakin dugu, Australian eta Estatu Batuetan lizentziak banatuko dituztelako droneen bidez banaketa komertzialak egiteko.

Googlek, esate baterako, droneak erabiltzeko lizentzia lortu du Australiako hiriburuan, Canberran. Australiako CASA (Civil Air Safety Authority) erakundeak dagoeneko baimena eman dio Wing enpresari (Googleren Alphabet enpresako filial bati), Canberrako 12 negozio txikiko produktuak drone bidez banatzeko hiriburuko alderdi batzuetan (ez hiriburu osoan). Azken urtean probetan jardun dira, eta ez da aparteko arazorik sortu, ez bada zenbait herritar kexu direla droneek sortzen duten zaratarengatik. Googlek jakinarazi du prest dituztela drone berri ixilagoak. Guztira 3.000 banaketa egin dituzte dagoeneko Canberran.

Estatu Batuei dagokienez, eta Reuters agentziak aurreratu duenez, maiatzean emango du lehenengo lizentzia FAA erakundeak (Federal Aviation Administration). Oraindik ezin da jakin nori emango dioten lizentzia hori, baina badirudi kasu honetan ere Wing Aviation LLC izango dela baimena lortuko duena. 

Gorago aipatu dugunez, Amazon aspaldi ari da probetan, Estatu Batuetan, Israelen eta Erresuma Batuan, baina badirudi, harrigarria bada ere, oraingoz Googlek aurrea hartu diola banaketa komertzialaren esparruan. 

 

Erantzun

Sartu