Teknologia albisteak

Google + itxi egingo dute (milaka erabiltzaileren datu pribatuak babesik gabe zabaldu ondoren)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-10-09 : 09:59

Googlek bere sare sozial itxurako zerbitzua itxiko du, Google +. Atzo iluntzean iragarri zuen bere blogean. Kasualitatez edo, atzo jakin zen Google+ plataformak segurtasun-zulo bat izan zuela bere APIan martxoan eta milaka erabiltzaileren datu pribatuak edonoren bistan utzi zituela Googlek. 

Bere 20 urteko ibilbide oparoan Googlek ez du izan zorte handiegirik sare sozialen alorrean. Garatu dituen erreminta gehienak erabat arrakastatsuak izan dira (pentsa, adibidez, Chrome, Gmail, Android Google Maps bezalako produktuetan), baina sare sozialak sortzeko orduan ez du asmatu. Facebooki eta beste sare sozialei aurre egiteko ahaleginak hutsean geratu dira eta Googlek ez du asmatu bere zerbitzuen inguruan komunitate bat osatzen. Orkut sortu zuen 2004an (Facebook, Instagram eta Twitter jaio aurretik, alegia), baina itxi egin behar izan zuten; Google + sortu zuen ondoren, eta atzo iragarri zuen hori ere itxi egingo dutela

Itxieraren atzean pare bat arrazoi daude, antza. Batetik, eta nagusia, jendeak ez duela erabiltzen. Googlek atzo onartu zuen moduan, "injinerutza-lan izugarria dago Google + bezalako plataforma bat garatzen eta mantentzen, eta ez du merezi lan ikaragarri horretan jarraitzerik gero jendeak ez badu erabiltzen". Datuak garbiak dira: Googleen kontua duten erabiltzaile guztiek dute, defektuz, Google+ kontu bat, baina inor gutxi sartzen da bertara eta sartzen diren gutxiek 5 segundu baino gutxiago igarotzen dituzte bertan. Barregarria.

Itxieraren atzean beste arrazoi bat ere badago. Izan ere, atzo bertan haizeratu zuen Wall Street Journalek Google + zerbitzuko milaka erabiltzaileren datu pribatuak babesik gabe geratu zirela martxoko eguneraketa baten ondorioz, APIan aldaketa batzuk egin ostean. Googlek udaberritik dauka horren berri (eta, itxura denez, berehala konpondu zuen zuloa), baina atzora arte ez du ezer esan Googlek. Bart esandakoa ere ez da gauza handiegia: ez zenbat erabiltzaileren datuak bistaratu ziren, ez zeintzuk ziren, ez zer datu bistaratu ziren. Badirudi erabiltzaileen helbide elektronikoak bistaratu zirela, baina ez komentariorik eta telefonorik. Googleri sinesten badiogu, badirudi segurtasun-zuloa berehala itxi zutela, inor datu pribatuetara sartu baino lehenago.

Hortaz, Google + zerbitzuaren azken hilabeteak izango dira ondorengoak. Datorren urteko abuztura arte egongo da martxan, erabiltzaileek euren datuak deskargatu ditzaten eta, ondoren, itxi egingo du. Hortxe bukatuko da Googleren azken ahalegina Facebooki aurre egiteko. Ez du asmatu. Beharbada, erabiltzaileek enpresa teknologiko moduan ikusten dutelako Google, interneteko zerbitzu doako eta eraginkorrak eskaintzen dituena (mapak, eposta zerbitzuak, aplikazioak, nabigatzaileak,...), baina ez erreminta horien inguruan komunitate bat sortzeko modukoa.

Orain, galdera da: jarraituko ote du Googlek sare sozialetan lehiatzeko asmotan? Edo hauxe izango da euren azken ahalegina?

Erantzun

Sartu