Teknologia albisteak

Smartphone tolesgarriak ate joka

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-09-06 : 08:53

Abuztuan aipatu genizuen Microsoft telefono tolesgarri bat garatzen hasi dela (irudiak ere filtratu dira). Bada, oraingoan Samsung izan da antzeko gailu bat iragarri duena: 2018an bertan kaleratuko dute lehenengo smartphone tolesgarria, telefono eta tablet funtzioak bete ditzakeena.

Zaharrunoek ezagutu zituzten garai bateko telefono tolesgarriak, baina oraingo hauek beste gauza bat dira: pantaila bera izango da tolesgarria (edo bitan zatituko dena). Smartphoneen merkatuan ez da izan iraultza edo berrikuntza handirik azkenaldian eta, beharbada, telefono tolesgarriak izango dira datozen hilabeteetako albisterik azpimarragarriena. Azken hilabeteotan zurrumurru dexente izan da, baina ez zegoen benetako daturik. Oraingoan, ostera, Samsungek data ere jarri dio bere lehenengo telefono tolesgarriari, aurtengo udazkenean aurkeztuko duelako, ziurrenik azaroko Samsung Developer Conferencean.

Laupabost urte daramatzagu dagoeneko antzeko gailuen promesak entzuten, baina bi arrazoi nagusi izan dira garapena geratu dutenak. Bata teknologikoa, ez baita erraza horrelako gailuak (eta pantailak) garatzea. Bestea merkatuaren legearena, oraindik erosle gehienak ez zeudelako prest horrelako gailu bat erosteko eta prezio garestiago bat ordaintzeko. Oraingoa, aldiz, badirudi "benetan" ari direla garatzaileak.

Esan bezala, lehia txiki bat ere badago, ea zein den telefono tolesgarria merkaturatzen duen lehenengo marka. Azken urteotan ez da egon benetako aldaketarik sakelakoen merkatuan, eta gainontzeko marketatik ezberdintzeko eta nabarmentzeko bideak jorratu nahi dituzte konpainia nagusiek. Huaweik ba omen du bideratuta bere modeloa, Microsoftena ere aurreratu genizuen (PC txiki bezala erabiltzeko pentsatua), eta orain Samsung da bere asmoak aurkeztu dituena. Lehenengoak izan nahi dute guztiek.

Hala ere, oraindik ez dago garbi zer eskainiko duten telefono tolesgarri hauek. Samsungek aurreratu duenez, gailua itxita dagoenean telefono baten antzera erabili ahalko da eta zabaltzean tablet baten esperientzia eskainiko digu. Ez dute askoz gehiago aurreratu eta galderak asko dira. Pantaila tolesgarria izango da Samsungen kasuan dirudien moduan? edo 2 pantaila izango dira Microsoftek agindu bezala? Telefonoaren bi zatiak askatu egin ahalko dira ala ez? Eta zer prezio izango dute horrelako gailuek? Berrikuntza horiek nahikoa ote erosleen harreta pizteko? Eta gailu mota "berri" bat litzateke, ala telefono/tablet nahaste txiki bat besterik ez, ekarpen handirik egingo ez diguna?

Tira, 2019an zehar argituko ditugu hauek guztiak, ziur aski.

 

 

............

Irudiak: Cnet.com.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago