Teknologia albisteak

Amazon Primek 100 milioi harpidedunen langa gainditu du

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-04-19 : 09:44

Amazoneko buru Jeff Bezosek publiko egin ditu bart, aurrenekoz, Amazon Prime zerbitzuaren zenbait datu. Besteak beste, harpidedun kopurua 100 milioiko mugara iritsi dela 2017an, eta hazten jarraitzen duela. 

Munduko dendarik handiena izateaz gain, Jeff Bezosek zuzentzen duen Amazonek gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen ditu (AWS Interneteko zerbitzuak, esate baterako), eta beste hainbat konpainia/produktu ere sortu edo bereganatu ditu, besteak beste Alexa estatistika zerbitzua, IMDB filmen datu-base ezaguna, Goodreads zerbitzua, eta abar. 

Azken urteotan, berriz, bere Prime zerbitzuan jarri du arreta handiena Amazonek. Urteoko kuota bakar baten truke, erabiltzaileak beherapenak eta eskaintzak lortzen ditu Amazon dendan. Jatorriz horixe zen Amazon Prime zerbitzuaren funtsa, baina azkenaldian beste zerbitzu osogarri batzuk ere jasotzen ditu erabiltzaileak Prime kuota ordaintzearekin batera, adibidez, Prime Photo (argazkiak gordetzeko sareko zerbitzua), Amazon Music zerbitzurako beherapenak eta, garrantzitsuena, Prime Videorako (VOD plataforma) sarbidea. Hau da, pelikulak online ikusteko aukera ere ematen du Prime zerbitzu horrek, Netflix, Rakuten edo HBO plataformen parekoa.

Hasiera batean Prime Videok nahiko eskaintza murritza zeukan beste plataforma ezagunago batzuekin alderatuta (batez ere herrialde batzuetan), baina azken bi urteotako apostu handietako bat izan da Amazonentzat VOD plataforma hori indartzea eta gero eta pelikula gehiago eskaintzea. Zerbitzu osagarri bat izatetik (Primeren zerbitzu nagusia beherapenak eta bidalketa bizkorragoak baitira), Prime kuotaren zerbitzu nagusietako bat izatera iritsi nahi du VOD bideo-plataforma horrek. 

Esan bezala, Prime zerbitzuaren inguruko zenbait datu eman zituen atzo Bezosek. Lehenengo aldiz eman ere. Eta datuak onak dira benetan, 2017an 100 milioi harpidedunen muga gainditu baitu. Konparaziorako, Netflixek 125 milioi harpidedun ditu, eta Spotifyk 77.

Amazonen helburua? Bere zerbitzuak zabaltzen jarraitzea eta, dela musika dela filmak aitzakia, munduan harpidedun gehien dituen zerbitzua izatera iristea.

Erantzun

Sartu