Teknologia albisteak

Lastotxoak aurreztu arren, plastiko gehiago gastatuko du Starbucks-ek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-07-20 : 09:56

Starbucks kafetegi kateak edaria zurrutatzeko plastikozko lastotxoak kenduko dituela iragarri du, lastotxoek itsasoko plastiko kutsadurari egiten dioten kaltea gutxitzeko. Baina Reason.con webguneko kazetari batek kontuak egin ditu: lastotxoak kentzeko Starbucks-ek diseinatu dituen edari-tapa berriekin plastiko gehiago gastatzen da egiazki.

Plastiko erabilpenean egiten dugu gehiegikeriak agerikoak dira, baina Starbucks-ek egin duena, benetako neurria baino gehiago, propaganda ekintza da, marketin hutsa, oso ondo datorkiona plastikozko lastotxoen kontrako protesta hedatzen ari baita Estatu Batuetan.

Starbucks-ek, beraz, edalontzi-tapa zulodunetatik sartzen diren lastotxoak kenduko omen ditu, eta horren ordez tapa berriak diseinatu ditu, zurrut egiteko muturtxo bat dutenak (ikus goiko irudia).

Reason.com-ek, ordea, kontuari arretaz begiratu dio eta neurketen emaitzak argitaratu ditu, segun eta ontziak eta lastoak, aldaketa bakoitzarekin 0.32 eta 0.88 gramo gehiago gastatuko du Starbucks-ek lastotxo bat kentzen duen bakoitzean. Ikusiko dugu ea salaketa honekin gauzak aldatzen diren, zeren eta lastotxo-aldaketa ez da berehalakoa eta globala. 2020. urtera arteko epea iragarri du multinazionalak bere 28.000 kafetegietan aldaketa egiteko.

Noski, diseinu batekin edo bestearekin Starbucks-ek miligramo batzuk gehiago edo gutxiago gastatzea txikikeria da. Kafea eta beste edari batzuk kontsumitzeko Starbuckls-ek eskaintzen duenean zakarretara doan "material fisikoa" ikaragarria da: kartoi, baso, lastotxo, eta abarretan gastatzen duzu dirua, kafe urtsu horretan baino gehiago. Ekologikoena, kikarak eta katilu zeramikoak garbitzen dituzten kafetegietan hartu kafea.

Eta lastotxoei dagokienez, beste puntu bat ere azpimarratzen da Reason.com-eko artikuluan: mugikortasun arazoak dituztenentzat, edariak kontsumitzeko laguntza handia dira.

Erantzun

Sartu