Gaur egindako aurkezpenean "argi berdea" eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak 2deo proiektuari. Ikus-entzunezko edukiak sortzeko laborategia 2019ko martxorako erabilgarri egotea Tabakaleran espero dute. Iban Arantzabal, Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusia, izango da euskarazko ikus-entzunezkoak inplementatzeko hasierako arduraduna.
Aurkezpenean Markel Olano diputatu nagusia, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusia eta Iban Arantzabal izan ziren. "Tabakaleraren helburuetako bat sormena eta sorkuntza sustatzea den heinean, 2deo laborategia tresna aproposa izango da. Tabakaleraren asmoa ikus-entzunezko arloan lanean ari diren sortzaileentzat eta ikus-entzunezko industriaren sektorearentzat erreferente bihurtzea da, eta baliabideak eskaintzea proiektuak sortzeko, garatzeko eta ikusarazteko", azaldu zuen Ormazabalek.
Iazko abenduan aurkeztu zen 2deo proiektuaren diseinua eta 2018ko martxoan Tabakalerara eraman zen laborategia. Etorkizuna Eraikiz programaren baitan diseinatu eta abiarazi den ekimena da, eduki kulturalak sortu eta zabalduko dituena. Gauzak horrela, erronka nagusia gazteek ikus-entzunezko edukiak euskaraz kontsumitzea izango da. "Ikus-entzunezko produktuak gero eta gehiago kontsumitzen dira, eta, hori kontuan harturik, ezinbestekoa da euskararen presentzia areagotzea", nabarmendu zuen Markel Olano diputatu nagusiak astearteko aurkezpenean.
Proiektua 2019ko martxoan argitara ematea espero da eta hasierako fasea Iban Arantzabalek koordinatuko du. Hain zuzen Arantzabalek berak koordinatu du hausnarketa-aldia euskarazko ikus-entzunezkoen sektorearekin batera, eta horri esker diseinatu ahal izan da proiektua. "Ateak beti zabalik egongo dira herritarrentzat; edonoiz sartu ahal izango dira gune honetan zer eta nola egiten den ikustera", dio Iban Arantzabalek.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 980.000 euroko diru-laguntza eman dio Tabakalerari eta hortik 400.000 euro laborategiko azpiegitura martxan jartzeko erabiliko dira. Laborategia Tabakalerako lehen solairuan egongo da eta urte hasierarako hainbat arlotako lehen deialdiak egingo dira.
Jatorrizko testua: Maialen Regueiro, Goiena.eus, cc-by-sa.
Informazio gehiago: Tabakaleraren webgunean oharra.
Erantzun
Sartu