Spotify-ri aurre egiteko asmoz dabil Youtube. Eta horretarako sortu du Youtube Music, musika entzuteko plataforma berria. Azken batean horixe baita Youtube Music, ez bideo plataforma bat, streaming bidez musika entzuteko erreminta bat baizik. Doan erabili daiteke, baina badu ordainpeko zerbitzu bat ere, nahi adina musika entzuteko aukera ematen duena inolako iragarkirik entzun beharrik gabe.
Youtube jaio zenean ez zen jaio musika zerbitzu moduan, baina sarera igotzen diren bideo asko eta asko abestiak dira eta Youtubeko bideorik ikusienak ere, oro har, bideoklipak dira (baita euskarazkoen artean ere). Hain da horrela eze, jende askok Youtube erabiltzen duela musika entzuteko. Artista bat aukeratu, eta Playlista jarraitu. Kitto!
Horri etekina atera nahi dio oraingoan Googlek Youtube Music zerbitzu berriarekin. Azken batean, youtuben dauden abesti kopuru amaigabea profitatuz, musika streaming bidez entzuteko plataforma bat garatu du, Youtubeko bideoetan oinarritua baina musika entzuteko pentsatu eta garatua. Spotify bat, alegia.
Googlek bere teknologiaren (eta datu-basearen) indarra erabiliko du erabiltzaileak erakartzeko. Hau da, kontuan izango ditu gure Googleko bilaketa-historiala, gure kokapena, nor garen,.... hau da, gutaz dakien guztia (asko ere asko) erabiliko ditu unean unean gure musikarik gogokoena proposatzeko. Lehenengo aldiz sartzean ere, ikusiko duzu nola zure gustuko musika eskaintzen dizun.
Esan bezala, Youtube Music doan da, baina ordainpeko bertsio bat ere izango du, musika iragarkirik gabe entzun ahal izateko.
Maiatza bukaeran zabaldu zuten Estatu Batuetan, Mexikon, Australian eta Zelanda Berrian. Harrezkero mundu osora joan da zabaltzen eta dagoeneko %100 erabili daiteke munduko herrialderik gehienetan, baita Euskal Herrian ere.
Erantzun
Sartu