Teknofiloen albistegia
4

2017an Youtuben gehien ikusi diren euskarazko bideoak

Erabiltzailearen aurpegia
2018-01-15 : 13:46

Youtuben argitaratzen diren euskarazko bideoak gordetzen ditu TBX.eus webguneak, modu automatikoan. Duela urte bete inguru argitaratu zen eta harrezkero euskarazko bideoak detektatzen eta biltegiratzen joan da. Horrela, 2017an Youtuben gehien ikusi diren euskarazko bideoetako batzuk zeintzuk izan diren jakin dezakegu. Hemen dituzue, ikuskatze gehien izan dituzten bideo horiek*.

TBX (te-be-ixa) 2017an jaio zen. Euskaldunok Youtuben ikusten ditugun euskarazko bideoen sailkapen automatiko eta jarraitu bat da. CodeSyntax enpresaren I+G proiektu bat da, Gipuzkoako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz garatua. Sarea automatikoki ikuskatu eta, zenbait tresna automatiko erabilita, Youtuben euskaraz argitaratzen diren bideoak detektatzen ditu, eta izan dituzten ikuskatzeak eta komentarioak neurtzen ditu. Urte beteko lan jarraitu horren ondorioz, azken hilabeteetan argitaratu diren bideoen artean ikuskatze gehien izan dituztenak ezagutu ditzakegu (tresna automatiko batek izan ditzakeen mugekin, eta jakinik bideoren batzuk geratuko zirela detektatu gabe*).

Musika taldeen lanak nagusi

TBXren artxiboan ikus daitezke 2017ko bideorik ikusienetako batzuk. Espero zitekeen moduan, musika taldeen bideo ugari agertzen da zerrendan eta, horien artean, badira beste guztien gainetik geratu direnak, besteak beste, Gatibu eta Berri Txarrak

Gatiburen "Aske maitte" bideoklipak 1.200.000 ikuskatze izan ditu ekainetik hona. Berori izango da ikuskatze gehien izan dituen 2017ko euskarazko bideotako bat, ikusiena ez bada.

Beste bideo batek ere arrakasta itzela izan du, ETBko Goazen telesaileko "Eraso sexisten aurka" bideo honek; 250.000 ikuskatze 2 hilabete eskasean. Goazen-en beste hainbat bideo ere badaude Top Ranking horretan; baita hainbat musika talderen bideoklipak ere.

Gizarte gaiek eta politikak ere toki nabarmena 

Gizarte eta politika gaiek ere, nola ez, toki handia izan dute Youtube. Altsasuko gazteak, Katalunia, Gure Esku Dago,... 2017an gehien ikusi diren bideoen artean daude hauek ere, nahiz eta, kasu honetan ere, bideo asko musikalak izan. Adibidez hau.

Bertsoak, kanpainak, ustekabeak eta abar

Beste hainbat gai eta motatako bideoak ere aurkituko ditugu TBXak 2017an detektatu eta neurtu dituen bideo arrakastatsuenen artean. Bertsolari Txapelketa Nagusiak ere oihartzuna izan du, noski. Abenduan izanik, zaila izan du urte osoko bideorik ikusienen artean sartzea, baina hortxe dago, besteak beste, ondorengoa. Maialen? Bada, ez, Maddalen ;)

Aretxabaletako merkatarien kanpaina bikaina ere aipatu zen Sustatun bertan, eta garbi dago arrakastatsua izan dela, 2017ko bideorik ikusienen artean sartu baita (meritu handia, bideo hau ere urte bukaerakoa delako).

Eta nork ez zuen jaso Whatsapp bidez Azpeitian ihes eginda ibili zen ixkoaren bideoa?

2017ko euskarazko bideo gehiago, TBX.eus webgunean.

 

 

........................................

* Esan bezala, TBX tresna automatikoa da, eta izango da Youtuben detektatu ez den euskarazko bideorik. Gainera, bideo bat euskarazkoa den ala ez ere zalantzazkoa da sarri (bideo elebidunak izan daitezke, edo ahotsa/azpitituluak hizkuntza ezberdinetan, eta abar). Hala ere, hortxe 2017an sareratu eta Youtuben ikuskatze gehien izan dituzten euskarazko bideo nagusietako batzuk.  

Erantzunak

2018-01-15 : 14:13

Harrigarria HUNTZAren "Aldapan gora" bideoa ez agertzea. Dagoeneko 4.626.000 ikustaldi ditu.
https://www.youtube.com/watch?v=LRaeakNECr8

2018-01-15 : 14:20

Bai, hala da, baina ez da 2017ko bideoa ;)


20. Korrikaren bideoak ere ikuskatze mordoa izan ditu 2017an zehar, baina hori ere ez dugu aintzat hartu, 2016 amaierakoa baita bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=rujechHlH6s.

2018-01-15 : 14:51

Nik egin nuen bideo hau 2017 hasierakoa da, euskaraz da (zati motz bat izan ezik) eta 84.000 ikustalditik gora izan ditu: https://www.youtube.com/watch?v=iUIcyGCFL1E
Urteko atalean ez da agertzen eta ikusi detenez erderaz diren beste bideo batzuk edo ikustaldi gutxiago dituztenak agertzen dira. Hau zergatik da?
PD: Ez da keja bat eh, honek nola funtzionatzen duen ulertzeko da XD

2018-01-16 : 08:56

Bai, arrazoia, Aiora, bideo horrek ihes egin digu. ;(

Bueno, harrapatu genuen (https://tbx.eus/iUIcyGCFL1E), baina berandu. TBX urte hasieran jarri genuen martxan, eta urtarrila-otsaileko bideoak jasotzen hasi orduko martxoa ere iritsi zen, eta... Tira, azken batean, esateko, zure bideoaren ikuskatzeak ez ditugula ondo jaso gure datu-basean!

2018koak hobeto! ;)

Eskerrik asko hobetzen laguntzearren.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu