Teknologia albisteak

3D inprimagailuarekin "eraikitako" lehenengo etxeak salgai Herbehereetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-06-14 : 10:10

Azkenaldian ezagutu ditugu zenbait proba eta prototipo, baina orain "benetako" etxeak izango dira. Herbeheretako enpresa batek 3D inprimagailu bidez eraikitako (sic) etxeak salduko ditu aurten bertan. Eindhovenen izango da, eta Project Milestone izendatu dute egitasmoa. Beste edozein etxe bezain erosoak izango direla agindu dute. Kanpotik, berriz, diseinu futurista samarra daukate, inpresora batekin oso muga gutxi baitago eraikin bati nahi den itxura emateko, "sormenak ez du mugarik", diote arduradunek.

Aurten bertan aipatu dugu Sustatun etxe "inprimatuen" kontua, nola zenbait konpainia hasi diren 3D inprimagailu bidez etxeak jasotzen eta lehenengo prototipoak eraikitzen. Eindhovenen eraiki eta salduko diren Milestone etxeak izango dira, ordea, lehenengo proiektu komertziala. "Etxe bati eskatzen zaion erosotasun osoa izango dute; energetikoki jasangarriak, argitsuak eta akustikoki ondo isolatuak" izango omen dira etxe berriak, eraikitzaileen hitzetan.

Inprimagailua beso robotiko luze bat da, porlan arin bat erabiliko duena etxea eraikitzeko.

Proiektuaren atzean enpresa bat eta Eindhoveneko Teknologia Unibertsitatea daude. 2019rako egongo dira alokagai Bosrijk basoan. Dagoeneko jaso omen dituzte lehenengo eskaerak. 

Erantzun

Sartu