Teknologia albisteak

Premier Leaguea Amazonen ikusgai. Kirol ikuskizunen emankizunak Teknologia Enpresa handien eskuetarantz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-06-08 : 09:49

Ingalaterrako futbol ligako 20 partidu eskainiko ditu Amazonek 2019-2020 denboralditik aurrera. Partidu horien eskubideak ez ditu izango, beraz, telebista kate batek edo komunikazio-enpresa handi batek. Teknologia enpresa batek baizik. Nabarmena da norantz doan kirol emankizun handien eskaintza: Internetera, teknologia enpresa handien eskuetarantz, dela Amazon, Facebook, Twitter edo Google. 

Dagoeneko oso garbi dagoen bide berri bateko beste urrats bat da. Beharbada aurrekoak baino sendoagoa, hori bai. Twitterrek eta Facebookek dagoeneko zuzenean ematen dituzte Estatu Batuetako liga handietako partida batzuk (futbol amerikarra edo baseballa, esate baterako). Oraingoan Europan da, eta kirol erregea dugu mintzagai, futbola. Atzo jakinarazi zutenez, Premier Leagueko 20 partidu eskaintzeko eskubideak erosi ditu Amazonek. 

Amazon Prime zerbitzuaren harpidedunek ikusi ahalko dituzte 20 partiduok (Erresuma Batuan), eta emankizunen artean egongo dira Gabonetako Boxing Day jardunaldi handiko partidu guztiak, esate baterako. Futbol egunik handiena da Ingalaterran Boxing day delakoa, abenduaren 26a.

Lehenengo urratsa besterik ez da. 2022-2023 denboralditik aurrerako eskubideak oraindik ez daude emanda, eta uste da teknologia enpresa handiek zeresan handia izango dutela negoziazioa hasten denean, telebista konpainia tradizionalen kalterako. Baseball eta futbol emankizunak ez ezik, beste hainbat kirol emankizunekin ere hasi da dagoeneko Amazon, besteak beste tenisa. Joera nabarmena da eta ez du etenik izango. Kirol emankizunak ez ditugu "telebistan" ikusi datozen urteotan, "sarean" baizik (telebistaren eta sarearen arteko muga gero eta nabarragoa bilakatzen ari den bitartean). Lehiakideak dagoeneko ez dira (bakarrik) telebista konpainiak, teknologia enpresak baizik. Amazon, Youtube (Google), Netflix, Facebook... Horiek izango dira datozen urteotan kirol emankizunen eskubideen jabe.

Premier Leaguek eta Amazonek egindako hitzarmen honek 2 aurpegi ditu. Batetik, teknologia enpresen asmo sendoa zuzeneko emankizunak emititzen hasteko eta telebista konpainiei sarean konpetentzia erreala egiteko. Bestetik, Premierraren asmok garbia, emankizune-eskubideak "paketizatzeko", erosle kopurua handitzeko eta, ondorioz, diru-sarrerak nabarmen handitzeko. 

 

...............

Argazkia: Pixabay.

Erantzun

Sartu